Udalak jarraipena eman nahi dio armen alardeari
Legazpiko Udala eta Alarde Batzordea armen alardeari datorren urtean jarraipena eman asmoz, lanean hasia da dagoeneko. Aurten bertan behera gelditu da ekimena, Gobernu Ordezkaritzak suzko armak erabiltzen diren edozein ekintza aurrera eramateko araudia...
Legazpiko Udala eta Alarde Batzordea armen alardeari datorren urtean jarraipena eman asmoz, lanean hasia da dagoeneko. Aurten bertan behera gelditu da ekimena, Gobernu Ordezkaritzak suzko armak erabiltzen diren edozein ekintza aurrera eramateko araudia zorroztu eta gero.
Araudi berrituaren arabera, eskopetarekin desfilatzeko arma baimena dutenek, agiria aurkeztu beharko dute udaletxean aurretik, eta gainean eraman beharko dute egunean bertan. Baliogabetutako eskopeta batekin ere desfilatzeko aukera badago, baina horretarako baliogabetze ziurtagiria aurkeztu beharko litzateke. Azkenik, imitaziozko eskopeta bat eramatea ere badago, aukeren artean.
Izena azaroaren 25erako
Antolatzaileek azken honi eutsi diote, eta jakinarazi dutenez, imitaziozko eskopetak eskuratzeko ahalegin berezia egiteko prest daude. Antzuolako Udala 32 eskopeta uzteko prest agertu dela adierazi dute, eta horrekin arazoa, neurri batean konpontzeko bidean jarriko da. Baina, falta diren eskopetak erosi aurretik alardeak jarraipenik izango duen ala ez ziurtatu nahi du udalak, eta horretarako ezinbestekoa zaio zenbat eskopetari parte hartzeko prest dauden jakitea.
2011ko alardean parte hartu zuten eskopetari guztiei gutun bat bidaltzea izan da antolakuntzak egin duen lehenengo lana. Erantzun batzuk jaso dituzte, baina deialdia herri guztiari zabaldu nahi diote. Horregatik, parte hartu nahi duenak azaroaren 25a baino lehen eman beharko du izena kultur etxean, udaletxeko harrera gelan edo Haizea tabernan.













