Legazpiko Udalak armen alardeari jarraipena nahi dio
Datorren urtean armen alardeari jarraipena emateko asmoz asmoz dagoeneko lanean ari dira Legazpiko Udala eta Alarde Batzordea. Aurten, bertan behera gelditu da ekimena, Gobernu Ordezkaritzak suzko armak erabiltzen diren edozein ekintza egiteko araudia zorroztu eta gero.
Araudi berrituaren arabera, eskopetarekin desfilatu ahal izateko arma baimena dutenek agiria aurkeztu beharko dute egunaren aurretik udaletxean, eta gainean izan beharko dute alardearen egunean. Baliogabetutako eskopetarekin desfilatzeko aukera ere badago, baina, horretarako, baliogabetze ziurtagiria aurkeztu beharko da. Azkenik, imitaziozko eskopeta bat eramatea ere badago aukeren artean.
Izena azaroaren 25erako
Antolatzaileek azken aukera hau onetsi dute, eta jakinarazi dutenez, imitaziozko eskopetak eskuratzeko ahalegin berezia egingo dute. Antzuolako Udala 32 eskopeta uzteko prest agertu dela adierazi dute, eta horrekin, arazoa neurri batean konpontze bidean jarriko dute. Baina, falta diren eskopetak erosi aurretik alardeak jarraipenik izango duen ala ez ziurtatu nahi du udalak, eta horretarako ezinbestekoa da alardean zenbat eskopetarik parte hartuko duten jakitea.
2011ko alardean parte hartu zuten eskopetari guztiei gutun bat bidali diete dagoeneko antolatzaileek, eta erantzun batzuk jaso badituzte ere, deialdia herritar guztiei zabaldu nahi diete. Horregatik, parte hartu nahi duenak azaroaren 25a baino lehen eman beharko du izena kultur etxean, udaletxeko harrera gelan edo Haizea tabernan.














