Erabilera zehaztuko dute orain
Oianguko parte hartze prozesua hirugarren fasean sartu da. Lau lan talde sortu dituzte, eta orain parkearen eta bertako baliabideen erabilera zehazteko saioak egiten hasiko dira. Gaur arratsaldean dute lehena. Guztira 65 lagunek hartu dute parte prozesuan. Oianguren parke izaera berreskuratzea eta eztabaida mahai gainean jartzea ziren hasieran udalak zehaztu zituen helburuak. Apirilean egin zuten aurreneko bilera, eta hirugarren fasearen atarian, «parte hartze kultura zabaltzeko prozesu eredugarria» izaten ari dela nabarmendu du Igor Eguren Ordiziako alkateak. Iritzi berekoak dira Ainhoa Etxabe prozesuko dinamizatzaileetako bat eta Xabier Mujika, prozesuan parte hartu duen herritar bat. «Nik dakidala lehen aldia da Ordizian horrelako prozesu bat egiten dela. Polita da ikustea komunean duten iritzi edo proiektu batek nola elkartu ditzakeen elkar ezagutzen ez duten pertsonak», dio Etxabek. Mujika ere pozik dago prozesuarekin: «Lehen bilerara ez nintzen ezeren esperoan joan. Nire iritzia ere kontutan hartzea nahi nuen, eta hartu dela ikusi dut, gogoeta guztion artean egin dugula. Dinamika oso ondo egin da, inoren hitza ez da besteenaren gainetik gelditu». «Oso aberasgarria izaten ari da», jarraitu du Mujikak. «Lehenago ez dut izan halakorik egiteko aukerarik. Entzule gisa egon ohi zara normalean, guztion artean erabakiak hartze hori ez baita egiten. Osoko bilkuretan, adibidez, hartzen duten erabakiarekin ados egon [...]
Oianguko parte hartze prozesua hirugarren fasean sartu da. Lau lan talde sortu dituzte, eta orain parkearen eta bertako baliabideen erabilera zehazteko saioak egiten hasiko dira. Gaur arratsaldean dute lehena.
Guztira 65 lagunek hartu dute parte prozesuan. Oianguren parke izaera berreskuratzea eta eztabaida mahai gainean jartzea ziren hasieran udalak zehaztu zituen helburuak. Apirilean egin zuten aurreneko bilera, eta hirugarren fasearen atarian, «parte hartze kultura zabaltzeko prozesu eredugarria» izaten ari dela nabarmendu du Igor Eguren Ordiziako alkateak. Iritzi berekoak dira Ainhoa Etxabe prozesuko dinamizatzaileetako bat eta Xabier Mujika, prozesuan parte hartu duen herritar bat.
«Nik dakidala lehen aldia da Ordizian horrelako prozesu bat egiten dela. Polita da ikustea komunean duten iritzi edo proiektu batek nola elkartu ditzakeen elkar ezagutzen ez duten pertsonak», dio Etxabek. Mujika ere pozik dago prozesuarekin: «Lehen bilerara ez nintzen ezeren esperoan joan. Nire iritzia ere kontutan hartzea nahi nuen, eta hartu dela ikusi dut, gogoeta guztion artean egin dugula. Dinamika oso ondo egin da, inoren hitza ez da besteenaren gainetik gelditu».
«Oso aberasgarria izaten ari da», jarraitu du Mujikak. «Lehenago ez dut izan halakorik egiteko aukerarik. Entzule gisa egon ohi zara normalean, guztion artean erabakiak hartze hori ez baita egiten. Osoko bilkuretan, adibidez, hartzen duten erabakiarekin ados egon zaitezke, edo ez. Oraingo honetan zure ekarpena egiteko aukera ere ematen dizute, erabakirik hartu aurretik. Oso interesgarria iruditu zait eta emandako aukera eskertu nahi diot udalari», gaineratu du prozesuko parte hartzaileak.
Jendearen inplikazioa
Prozesuaren hirugarren fasean legez babesteko formula juridikoak, ingurumenaren babeserako bideak, Oiangun egin daitezkeen kirol eta kultur ekintzak, eta azpiegiturek beharrezkoak dituzten konponketak aztertzen ari dira. Bideragarritasun ekonomikorako proiektua ere martxan da. «Bakoitza bere arloan urratsak ematen ari gara orain», azaldu du Mujikak. Urrats horietako bat orain hamabost egun eman zuten, golf zelaiko entrenamendu kantxaren zutoinak kenduz. «Gehien harritu nauena dinamika bera izan da, eta nola iritsi gaitezkeen guztion artean adostutako proiektu batera bertan suertatzen diren irizpide orokor zein zehatzetatik. Horrelako saioetan jasotzen den informazioa ere izugarria da» azaldu du Etxabek.
Dinamizatzaile lanerako bere burua aurkeztu zuen, ez zuelako aukera hori pasatzen utzi nahi. Ikuspuntu «orokor» horrekin, herritarrek erakutsitako konpromiso maila nabarmendu du. «Azken finean, Oiangu herritar guztiona ere bada. Gu gara parkera joaten garenak eta bertako azpiegiturak erabiltzen ditugunak, eta horregatik oso garrantzitsua eta erabat beharrezkoa iruditzen zait herritarron iritziak eta ikuspuntuak kontutan hartzea», gaineratu du.
«Ordizia bezalako herri batean, herritarrak, teknikariak eta politikariak batzen dituen prozesu bat egiteak sekulako garrantzia du», gehitu du Egurenek. Prozesua amaierara iristen ari da, eta alkatearen ustez, «esan dezakegu, eztabaidaren ondorioz, Oianguk izan behar duen izaeraren inguruko gogoeta sakona egin dela, eta epe motzeko zein luzeko betebeharrak finkatu direla».
«Udalak zentzurik badu, herritarrengatik da», uste du Egurenek: «Herritarra da erakunde honen funtsa. Udalak ezin du izan proiektuak pentsatu, aztertu, exekutatu eta informazioa ematen duen erakunde bat. Udala guztiok osatzen dugu, eta guztion artean saiatu behar dugu aurrera ateratzen». Oianguko prozesua ildo horretan kokatu dute, eta gaiak interesa «hasieratik» sortu duela dio.
Oianguko parkearen eta bertako azpiegitura baliabideen erabilera zehazteko saioetan lehena gaur egingo dute, 18:00etan, udaletxean. Herritar guztiei irekitako tertulia izango da, eta gaurko saioan Oiangun dagoen baserriaren erabilerari buruz hitz egingo dute.













