Genero indarkeria saihesteko gazteriari begira jarriko dira
Datorren igandean, azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. Zumarragan, Goierri garaiko Eraldatzen elkarteak antolatuta, Teresa Lanza Boliviako ekintzaileak jardunaldia egingo du. Hitzaldiaren ardatza gazteria izango da. Izan ere, gaztaroan biolentzia mota hau prebenitzeko urratsak defendatuko ditu adituak.
Hitzaldia Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean izango da, 18:30ean. Bakarrizketatik haratago, eztabaida izateko xedea du jardunaldiak. Hori dela eta, Goierri garaiko gazteei, irakasleei eta institutuetako zuzendaritza taldeetako kideei luzatu diete, bereziki, gonbidapena.
Teresa Lanza Boliviako Erabakitze Eskubidearen Aldeko Elkarte Katolikoaren zuzendaria da. Elkarte honek emakumeen eskubideen alde egiten du lan, eta eskubide sexualak eta ugalketa eskubideak defendatzen ditu, batez ere. Eztabaidaren ondoren, kartel erakusketa inauguratuko dute Eraldatzeneko kideek Zelai Ariztiko sarreran.
Gazteak indarkeria matxistaren kontra lelopean Haurralde fundazioak deitutako lehiaketara aurkeztutako kartelak dira. Eraldatzenek Ugle eskolako ikasleen parte-hartzea azpimarratu du. Gipuzkoa osoko ikasleekin egindako prebentzio lanaren emaitza da Zumarragan erakutsiko duten kartel bilduma.
Datorren larunbatean, hilak 24, informazio mahaia jarriko dute Eraldatzeneko kideek Areizaga-Kalebarren plazan, 11:00etatik 12:00etara. Jarraian manifestazioa izango da Urretxuko eta Zumarragako kaleetan.
Zaldibian ere emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunari lotutako ekintzak egiten ari dira jada. Izan ere, Berdintasunari buruzko diagnostikoa egin berritan, gaia lantzeko «funtsezkotzat» jo dituzten bost esparru lantzeko tailerrak abian jarri zituzten azaroaren 6an.
Tailerrak Zaldibian
Formakuntza tailerrei segida emango diete azaroaren 27an emakumeen aurkako indarkeria lantzeko egingo duten jardunaldian; Karrerane kultur etxean izango da, 18:30ean. Hurrengo hiru tailerrak datorren urtean izango dira; hilabeteko tailer bat aurreikusi dute.
Urtarrilean Guztion beharra, guztion ardura jardunaldia izango da. otsailean Hezkidetza: berdintasunezko etorkizun baterako giltza eta martxoan gorputzaren gaiari helduko diote Gure gorputzak, gure bizipenak, gure erabakiak tailerrean. Zaldibiako Udaletik tailerren data zehatzak gerturatu ahala jakinaraziko dituztela adierazi dute.
Zaldibiar guztiak, bide batez, igandeko nazioarteko egunaren harira eskualdean antolatzen diren ekintzetan parte hartzera animatu dituzte.














