Debora Herrero: «Jendea abestera animatuko nuke; terapia bat da eta gozatu egiten da»
David Azurza kontratenorea, Loreto Fernandez Imaz organo-jotzailea eta Francisco Herrero biolin-jotzailea lagun dituela egingo du etzi kontzertua Ordiziako elizan (20:00) Debora Herrero sopranoak (Ordizia, 1975). Oroith Txiki abesbatzan egin zituen lehen urratsak musikaren munduan, eta kantu ikasketak bukatu berritan –iaz bukatu zituen– herrian egingo du Stabat Mater obraren bigarren emanaldia. «Gogo handiarekin nago», adierazi du. Oroith Txiki eta Oroith abesbatzak izan ziren zure lehenengo eskolak. Zenbateko eragina izan zuten urte haiek zure gaur eguneko jardunean? Handia. Garai hartan Amalia Ibañezek ematen zuen kantua musika eskolan, eta Oroith Txiki abesbatza ere berak zuzentzen zuen. Emakume hark belaunaldi oso bat harrapatu zuen, gure gela erdia baino gehiago joaten ginen abesbatzara. Sekulako afizioa zegoen. Amaliak oso ondo asmatu zuen gu guztiongan kanturako grina hori pizten. Zure ispiluetako bat izan da, beraz. Helduen abesbatzara pasa ginenean ere bera zen zuzendari, eta hazi hori jarri zuela argi dago. Nik beti mirestu izan dut Amaliaren kantaera, eta beti jakin nahi izaten nuen ahots hori ateratzea nola lortzen zuen. Kasualitatez, karrerako azken urtean –pedagogia ikasten ari nintzen– ahots arazoak izan nituen, eta foniatra batengana joateko gomendatu zidan. Hasieran, ahotsa berriz hezteko joan nintzen, baina pausu hori eman ondoren erabaki nuen kantua ikasten hastea. Eztarrian zenuen arazoa zure [...]
David Azurza kontratenorea, Loreto Fernandez Imaz organo-jotzailea eta Francisco Herrero biolin-jotzailea lagun dituela egingo du etzi kontzertua Ordiziako elizan (20:00) Debora Herrero sopranoak (Ordizia, 1975). Oroith Txiki abesbatzan egin zituen lehen urratsak musikaren munduan, eta kantu ikasketak bukatu berritan –iaz bukatu zituen– herrian egingo du Stabat Mater obraren bigarren emanaldia. «Gogo handiarekin nago», adierazi du.
Oroith Txiki eta Oroith abesbatzak izan ziren zure lehenengo eskolak. Zenbateko eragina izan zuten urte haiek zure gaur eguneko jardunean?
Handia. Garai hartan Amalia Ibañezek ematen zuen kantua musika eskolan, eta Oroith Txiki abesbatza ere berak zuzentzen zuen. Emakume hark belaunaldi oso bat harrapatu zuen, gure gela erdia baino gehiago joaten ginen abesbatzara. Sekulako afizioa zegoen. Amaliak oso ondo asmatu zuen gu guztiongan kanturako grina hori pizten.
Zure ispiluetako bat izan da, beraz.
Helduen abesbatzara pasa ginenean ere bera zen zuzendari, eta hazi hori jarri zuela argi dago. Nik beti mirestu izan dut Amaliaren kantaera, eta beti jakin nahi izaten nuen ahots hori ateratzea nola lortzen zuen. Kasualitatez, karrerako azken urtean –pedagogia ikasten ari nintzen– ahots arazoak izan nituen, eta foniatra batengana joateko gomendatu zidan. Hasieran, ahotsa berriz hezteko joan nintzen, baina pausu hori eman ondoren erabaki nuen kantua ikasten hastea.
Eztarrian zenuen arazoa zure dohain bihurtu zenuen orduan.
Carmen Quiñones fonoterapeuta ezagunarengana jo nuen, eta haren bitartez hasi nintzen nire ahotsa deskubritzen, indartzen, ohitura onak hartzen, eta kantua ikasten. Hark esan zidan ahotsa landuz gero zerbait atera nezakeela, eta orduan, abesbatzan nengoen bitartean, kantuko klaseak hartzen hasi nintzen Donostian Almudena Ortegarekin. Irakasle gehiagorekin ere aritu naiz, eta ahotsaren eboluzioa oso handia izan da. Gero, kantatzetik, abesbatzak zuzentzen hasi nintzen.
Lazkaoko Kantaka abesbatzaren zuzendaria zara.
Bai, eta Xanbe gazte abesbatza utzi nuen haurdun nengoelako… Bolada batean lau abesbatza eraman nituen: Ormaiztegikoa, Olaberrikoa, eta Lazkaoko Xanbe eta Kantaka. Hor hasi nintzen zuzendari bezala zaletzen. Beti esan izan digute zuzendariek eredu bokal ona eman behar dutela, eta horregatik ere erabaki nuen kantua ikastea.
Iaz bukatu zenituen kantu ikasketak. Aurretik, pedagogia eta pianoko karrerak ere bazenituen. Diziplina ere eskatuko du ahalegin horrek.
Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan egin ditut ikasketak. Erdi mailako kontserbatorioa da, eta sei urteko karrera da. Goi mailakoa Musikenen egin daiteke, eta beste lau urte dira. Ni berandu samar harrapatu ninduen honek. Normalean, kantura dedikatu nahi duenak, batxilergoa bukatu ondoren hartzen du bide hori. Nik 30 urterekin erabaki nuen kantua ikasten hastea.
Kantuko titulua atera bai, baina noiz bihurtzen da bat soprano?
Abeslari izateko inork ez dizu ezer eskatzen, baina aldi berean dena eman behar duzu. Ahoz ahokoa asko erabiltzen da mundu honetan, eta hortik sortzen dira aukerak kontzertuak emateko. Niri kontzertu errezitaldia egiteko formatua gustatzen zait.
Baina etiketa hori noiz lortzen da. Bilakaera baten ondorio al da?
Bilakaera bat dela esan daiteke. Ez dago esaterik lau urteren poderioz sopranoa zarenik. Nik kontzertuak eman ditut kontserbatoriora joan baino lehenago. Arduratsua izan behar zara, eta zure buruari esan behar diozu lan txukuna egin behar duzula. Gero, irakasleek esaten badizute, eta kritikak babesten bazaitu, sopranoa izan zaitezkeela sinesten hasten zara. Soprano xume bat, hor ere maila asko baitaude. Nik badakit formatu honetan eta inguru honetan kantatzeko soberan prestatuta nagoela.
Barroko Aire musika zikloa ixteko kontzertua egingo duzu etzi elizan hiru taldekiderekin batera. Ilusioa edo ardura, zer sentitzen duzu?
Ilusioa egiten dit, noski, emozionatuta nago. Hamabost urterekin deskubritu nuen Stabat Mater obra, Oroith Txikin nengoenean, eta orain pentsatzea nik abestu behar dudala talde batekin… Gogo handiarekin nago.
Egingo duzuen bigarren kontzertua izango da. Donostian egin zenuten estreinakoa ekainean, Aita Donostia musika zikloan. Zer moduz?
Oso ondo. Jendez gainezka zegoen eliza, eta kritika espezializatuak baikorki baloratu zuen gure lana. Hortik sortu zen Barroko Airen aritzeko aukera.
Kultura musikal pixka bat beharko da zuek egiten duzuen musika jarraitzeko. Iritzi berekoa al zara?
Gutxieneko sentsibilitate bat behar da, baina ez dago zertan asko ulertu behar. Jende askok ez dauka musika estilo honi buruzko ideia handirik, baina kontzertuetara joan eta adi-adi entzuteko kapazitate hori dauka. Hala ere, kultura mailan ahalegin berezi bat egin behar dela uste dut. Kulturak pertsonari bizi kalitatea ematen diola uste dut, eta jendea animatuko nuke kantatzera; terapia bat da, talde lana egiten duzu, gozatu egiten duzu, eta musikak hunkitu egiten zaitu. Sekula ez da berandu kantatzen hasteko.
Eta Goierrin, zein da errealitatea?
Herritik herrira sekulako aldea dago. Ordizian eta Beasainen, esaterako, ikaragarrizko afizio musikala dago, eta horrelako zikloak egoten direnean elizak topera egoten dira.












