Lazkaoko PSEk zerga araudia kritikatu du
Lazkaoko PSE-EE alderdiak kontrako botoa eman zien iragan udalbatzarrean 2013ko ordenantza fiskalei. Azaldu dutenez, presio fiskalaren hazkundea herritarrentzat «une txarrenean» egin da. Tasa «batzuk» %7,5 igoko direla azaldu du —potentzia altuen...
Lazkaoko PSE-EE alderdiak kontrako botoa eman zien iragan udalbatzarrean 2013ko ordenantza fiskalei. Azaldu dutenez, presio fiskalaren hazkundea herritarrentzat «une txarrenean» egin da. Tasa «batzuk» %7,5 igoko direla azaldu du —potentzia altueneko ibilgailuena igoko da portzentaje hori—. Arautegi fiskalak krisia «larritu» egingo du, eta «dirua biltzeko soilik» dela dio.
Alderdi Sozialistak KPI «soilik» igotzea proposatu zuen batzarrean. «Zergak garestituta, BEZa igota eta familiek duten krisi ekonomikoa gehituta, presio fiskala igo den mailaraino ez igotzea aholkatzen du egoerak», esan du PSE-EEko Juan Manuel Sernak, «familien ekonomiaren bihotzean errukirik gabe jotzen» duela gaineratuz.
Igoera «asaldagarria» udalak hiritar guztiei berdin aplikatuko diela salatu du Sernak. Bilduren «sentiberatasunik eza» eta tasen «abusuzko» igoera kritikatu ditu. Bestetik, karga fiskala familiei jarrita, negozio gehiago irekitzea zailduko du ordenantzak, PSEren iritziz. Udal gobernuak herriko ekonomia eta enplegu sorkuntza ez dituela bizkortzen esan du.












