Giro eskasa baina feria polita
Lierni Elortza • Azokako berriemalea Bustia izan zen atzoko goiza eta hainbesteko hotzik ez izan arren (8-10 gradu artean), kanpoan erosketak egiten ibiltzeko eguraldi aproposa zenik ezin esan. Hala ere bizitasun faltarik ez zen, eta produktuei dagokienez ere, zer aipatua bada. Aurtengo denboraldiari hasiera emanez ardi esnea salgai zen Zurutuza ahizpen postuan, 2,40 euroan litroa; normalean litro eta erdiko botilatan saldu ohi da eta, bereziki, mamia egiteko ohitura duten berezo jakinek estima handia dioten eskaintza da. Onddo garaia aurrera badoa ere, zer aukeratua bazen atzo ere, bereziki Lasaren postuan. Onddoak ziren nagusi, bai kopuruz eta bai prezioz. Esne gorri eta saltsa perretxiku beltzen ondoan, aspaldiko partez ‘mendiko angula’ izenez ezagutzen den saltsa-perretxiko beltza –Craterellus lutescens–. Hogei bat kilo zituen salgai, kiloa 20 euroan. Postu berean, orain arte usoetara mugatzen zen ehiza eskaintza zabaldu egin dute, eperrak ere eros zitezkeen eta, 11 euroan pieza bakoitza. Eguberrien lehen arrastoak Eguberriak gero eta gertuago daudeneko seinaleak ere astetik astera agertzen hasiko dira. Dagoeneko erratza adarrak bere pipita gorri politekin edota Pazko lorea esanez ezaguna den Poinsethia salgai da; hori bai, ondo zaindu beharrekoa, Eguberriak arte bizirik irautea nahi badugu. Oraingoz, erakuslehioak apaintzeko eskatu omen dizkiete lora zaleei. Barazkietan, gero eta buru ederragoa duten [...]
Bustia izan zen atzoko goiza eta hainbesteko hotzik ez izan arren (8-10 gradu artean), kanpoan erosketak egiten ibiltzeko eguraldi aproposa zenik ezin esan. Hala ere bizitasun faltarik ez zen, eta produktuei dagokienez ere, zer aipatua bada. Aurtengo denboraldiari hasiera emanez ardi esnea salgai zen Zurutuza ahizpen postuan, 2,40 euroan litroa; normalean litro eta erdiko botilatan saldu ohi da eta, bereziki, mamia egiteko ohitura duten berezo jakinek estima handia dioten eskaintza da.
Onddo garaia aurrera badoa ere, zer aukeratua bazen atzo ere, bereziki Lasaren postuan. Onddoak ziren nagusi, bai kopuruz eta bai prezioz. Esne gorri eta saltsa perretxiku beltzen ondoan, aspaldiko partez ‘mendiko angula’ izenez ezagutzen den saltsa-perretxiko beltza –Craterellus lutescens–. Hogei bat kilo zituen salgai, kiloa 20 euroan. Postu berean, orain arte usoetara mugatzen zen ehiza eskaintza zabaldu egin dute, eperrak ere eros zitezkeen eta, 11 euroan pieza bakoitza.
Eguberrien lehen arrastoak
Eguberriak gero eta gertuago daudeneko seinaleak ere astetik astera agertzen hasiko dira. Dagoeneko erratza adarrak bere pipita gorri politekin edota Pazko lorea esanez ezaguna den Poinsethia salgai da; hori bai, ondo zaindu beharrekoa, Eguberriak arte bizirik irautea nahi badugu. Oraingoz, erakuslehioak apaintzeko eskatu omen dizkiete lora zaleei.
Barazkietan, gero eta buru ederragoa duten azak, azalorak, brokoliak,lonbardak, romanesku azak… Fruituetan, berriz, astero aipatzen ari garenei beste neguko sagar bat gehitu beharrean gaude, Fuji izenekoa ekarri bai zuen Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak; «sagar gozoa da eta iraupen onekoa» esan digunez.














