ArcelorMittalek soldata jaitsiera inposatu nahi diela salatu dute langileek
ArcelorMittal siderurgia multinazionalaren jarrera salatzeko ahotsak batu dituzte Olaberriako, Zumarragako eta Bergarako langileen ordezkariek. Izan ere, enpresa itunak negoziatzerakoan, multinazionalak guztiei aurrez bete beharreko baldintza ezarri nahi die: soldata jaitsiera. Hiru enpresa batzordeetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute elkarrekin egoera salatzeko.
Zumarragan egin zuten atzo agerraldia, Olaberria eta Bergara arteko erdibidean, hain zuzen. ArcelorMittalek hiru herriotan ditu lantegiak Gipuzkoan. Fabrika bakoitzak bere enpresa hitzarmena izan du orain artean, eta ez dago hori aldatzeko asmorik. Nolanahi ere, guztiei aldez aurreko baldintza bera ezarri nahi die multinazionalak, soldaten jaitsierarena, hain justu. Hori dela eta, LAB, ELA, CCOO, UGT eta NA sindikatuetako ordezkariek batasuna erakutsi zuten agerraldian; batik bat, esateko ez daudela «baldintza hori onartzeko prest».
Fermin Otamendi Olaberriako enpresa batzordeko buruak irakurri zuen euskarazko komunikatua: «Zuzendaritzak sindikatuontzat onartezina den jarrera batean oinarritu nahi izan du negoziazioa. Edozein akordio lortzeko, soldatak jaitsi beharko dizkigute, bestela, lan erreformak ahalbidetzen dizkien bitartekoak erabili beharko dituzte».
Lan erreformaz baliatzearen argudio horri ez diote «fede onez» negoziatzea deitzen, «horri presionatuz, derrigortuz eta xantaia eginez ezarri nahi izatea deritzogu», azaldu dute.
Baldintza hori ez dutela onartuko esan zuten atzoko agerraldian sindikatuetako ordezkariek. Hala eta guztiz ere, mahai gainean jarri nahi izan zuten negoziatzeko beren borondatea: «Akordioa lortu arte negoziatzeko gertu gaude, beti ere, hitzarmenean lantokietako lana, enplegua, ultraktibitatea eta adostutako denaren bermea aurreikusten dituzten ordainak betetzen badira», jarraitu zuen Otamendik.
Bestela, mobilizazioak
Enpresa batzordeetako ordezkariek baldintza horiek eman ezean, «batzorde hauek deitu ditzaketen mobilizazioekin bat egitera derrigortuak egongo ginateke».
Agerraldia hasi aurretik batzorde buruek esan zuten komunikatua irakurri baino ez zutela egingo, izan ere «adierazpen bateratua» egin nahi zuten. «Galderak modu bateratuan erantzuteko gaitasunik ez» ez zutela azaldu zuten, «asko baikara gaur hemen elkartu garen sindikatuak». Hala ere, prentsaurrekoa amaitzean ArcelorMittal enpresaren eta langileen arteko negoziazioak irailean hasi zituztela adierazi zuten, eta baita «batasun hau» ere, «guztioi zuzenean eragingo diguten neurria inposatu nahi digutelako soldata jaitsieragatik».














