
Preso eta iheslarien aldeko kantu eskeak egingo dira Goierriko herri gehienetan. Irudian, Zaldibiakoa.
Euskal preso eta iheslarien aldeko elkartasun dinamika urte guztian jorratu beharreko lana dela argi du Goierri beheko Herrira taldeak, baina elkartasun keinuak Eguberrietan areagotu egiten direnez, datozen hamabost-hogei egunetan asko eta asko izango dira eskualdean egingo diren ekimenak. Eguberri bezperako kantu eskeak, hileko azken ostiraleko kontzentrazioak eta urte zahar egunekoak izango dira ia herri guztietan egingo direnak.
Ordizian, esaterako, bihar (17:00-20:00) eta etzi (11:00-20:00) Plaza Nagusian egingo duten bigarren eskuko elkartasun dendarekin emango diete hasiera Eguberrietako ekimenei. Biharko, gainera, Euskal Herri osoan egingo den Adierazpen Egunarekin bat egiteko deia egin du Goierri beheko Herrirak. Igandean, berriz, euskal musikari eta idazle ezagunek kultur ekimen zabal bat egingo dute Villabonako Gurea zineman (18:30) Herrira noa lelopean, eta hara joateko deia ere egin du Herrirak. Sarrerak Beasaingo Arrano tabernan daude salgai, sei euroan.
Eskeak, topak, filmak…
Hortik aurrera askoratikoak izango dira Goierri beheko herrietan egingo diren ekimenak, bakoitzak bere ohitura eta berezitasunei eutsiz. Kantu eskeak izango dira goiz, arrats eta gauetan, Barrura begiratzeko leihoak filma ere herri batean baino gehiagotan izango da ikusgai, eta Ordizian, Herrira hamabostaldiaren barruan, beste bi dokumental eta mahai-inguru bat ere antolatu dituzte. Urte zaharreko San Silbestre probetan ere ez du hutsik egingo presoen aldeko aldarriak.
Bilboko manifestazioa
Urte berrian sartuta, lehen bi larunbatei indarrez ekin nahi die Herrira-k. Urtarrilaren 5ean, eskualdeko mailako ekitaldia izango da, eta urtarrilaren 12an, berriz, Bilbon nazio manifestazioa. Hara joateko hamaika autobus irtengo dira Goierritik, eta aurrez izena emateko deia egin dute.
Goierri beheko Herrira-ren ekimenak
Goierri
Abenduak 24. Presoen alde kantu eskean aterako dira taldeak, goizean zein arratsaldean.
Abenduak 28. Hileko azken ostiraleko kontzentrazioak.
Urtarrilak 5. Eskualde mailako ekitaldia, eguerdian.
Ataun
Abenduak 31. Urte zaharretako kantaldiak. 10:00etan baserrietako taldea, 15:00etan kalekoa, San Martingo plazatik. 20:00etan, kontzentrazioa, topa eta argazki ateratzea.
Beasain
Abenduak 31. San Silbestre lasterketan preso eta iheslarien aldeko aldarrikapena. Kalean materiala erosteko aukera. 01:00ean, topa Zubimuzun.
Idiazabal
Abenduak 31. Preso eta iheslarien aldeko topa gaztetxean.
Lazkao
Abenduak 31. Presoen aldeko elkarretaratzea plazan.
Legorreta
Bihar. Mus txapelketa Aldapa Haundin (23:00), presoen alde.
Abenduak 29. Argazki erraldoia (13:00), bazkaria eta Barrura begiratzeko leihoak filmaren emanaldia (18:00).
Abenduak 31. Material salmenta goizean, eta urteko azken kontzentrazioa (20:00).
Ordizia
Bihar eta etzi. Bigarren eskuko elkartasun denda plazan.
Abenduak 26. Mariskada baten zozketa urteko azken ferian.
Abenduak 27. Sagarraren denbora dokumentala (19:00).
Abenduak 31. San Silbestre lasterketa (18:00), eta topa Plaza Nagusian (20:00).
Urtarrilak 3. Itsasoaren alaba dokumentala (19:00).
Urtarrilak 10. Preso gaixoei buruzko mahai ingurua (19:00).
Segura
Abenduak 31. Kontzentrazioa (20:00) eta topa (01:00).
Zaldibia
Abenduak 24 eta 28. Kantu eskea eta kontzentrazioa.
Zegama
Urtarrilak 4. Barrura begiratzeko leihoak filma (22:30).