Astelehenean irekiko da Zegama-Aizkorri lasterketan izena emateko epea
Astelehenean irekiko da Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea eta kirolprobak.com webgunea izango da horretarako bide bakarra. Otsailaren 1era arte egongo da zabalik horretarako epea, eta dortsalen zozketa otsailaren 22an egingo dute. Proba maiatzaren 26an egingo dute.
Mendi maratoiaren XII. edizioa izango da aurtengoa. 450 korrikalarik hartuko dute bertan parte, eta Kilian Jornet iazko irabazlea horien artean egongo da. Antolakuntzak 100 dortsal erreserbatuko ditu “konpromisoei erantzuteko”; beste 125 dortsal azken bi ekitaldietan denborarik onenak lortu dituzten korrikalarien presentzia bermatzeko erabiliko dituzte, eta gainontzeko 225ak otsailaren 22an zozkatuko dituzte.
Izena eman ahal izateko arautegian ezarrita dauden baldintzak bete beharko dituzte korrikalariek, eta azaldu dutenez, ez da derrigorrezkoa izango mendian federatuta egotea. Kirolpeobak.com webgunea izango da izena emateko bide bakarra, eta telefono edo email bidez eginiko eskaerak ez dituzte onartuko.
Zozketa
Zozketan lehenengo aldiz parte hartzen duten korrikalariek, zenbaki bakar bat izango dute. Aurreko urteetan zozketan parte hartu eta dortsalik lortu ez duten korrikalariek, berriz, zenbaki bat gehiago gehiago izango dute zozketan parte hartu eta dortsalik izan ez duten urte bakoitzeko.
Zozketa Zegamako udaletxean egingo dute, otsailaren 22an, 19:00etan. Publikoa izango da eta beraz, nahi duen oro joan daiteke.
Dortsala egokitu zaien partaideek jarraitu beharreko pausoak
Dortsala egokitutakoen zerrendan aurkitzen den pertsonak 58 euroko diru-sarrera egin beharko du (Txip horia duenak) eta 60 eurokoa (Txip horia ez duenak) kirolprobak.com web orrian zehazten diren pausuak jarraituz.
proba egunerako dirua sartu ez dutenek ezingo dute parte hartu. Ordainketa egiteko azken eguna 2013ko martxoaren 31 izango da.
Izen-ematea osatzeko pausu guztiak behar bezala betetzen dituztenek, konfirmazio gutuna jasoko dute apirilean.
Dortsala dutenen artean, norbaitek proban parte hartu eizn badu, -lesioren bat edo beste konpromisoren bat medio- erabakia “ahalik eta azkarren” jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek.
Dortsalen zozketaren emaitzak otsailaren 23an jarriko dituzte antolatzaileen webgunean.
Dortsala lortzeko beste bide batzuk
Pasa den urteko San Silbestre proban, beste behin, argi ikusi zen Zegama-Aizkorri Mendi Maratoian parte hartzeko jendeak duen desira. Jendetzak izen eman zuen lasterketa herrikoiean, amaieran parte hartzaileen artean hiru dortsal zozketatzen zirelako. Era honetara, zozketa arrunetan dortsala lortzeko aukeraz gain, beste aukeratxo bat ere izateko aukera zegoen, oso aukera txikia bazen ere. Inguruko herrietako jende asko joan zen parte hartzera eta Herrialde Katalanetatik ere etorri zen jendea.
Iaz, Zegamako gimnasioan izen emandakoen artean hamar dortsal eman ziren eta soberan geratu ziren batzuk gainera. Edurne Albizu alkateak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez «aurten ere hamar dortsal» banatuko dituzte modu berean eta «gimnasioko urteko kuota 220 eurokoa da, eta jendeak parte hartzeko halako gogoa badu ez zait iruditzen hainbeste diru denik, batez ere gertuko herrietakoentzat, gimnasioa erabil dezaketelako».
Galtzen ari diren baloreen erakusleiho
Zegamarrek duela hilabete gutxi Estatuko Mendi Federazioaren aitortza jaso dute mendiko lasterketen sustapenean egindako lanagatik. Edurne Albizu alkateak bere eskerrik beroenak eman nahi izan zizkien herritarrei eta «hasitako bideari jarraipena» emateko deia egin zien herritarrei. Era berean, «urtean zehar antolakuntza teknikoaren lekukoa daramaten Amezti Mendi Elkarteko Elberto Aierbe eta Ainhoa Txurrukari» ere «aitortza berezia» egin nahi izan zien.
Izan ere, maratoi hau herri oso batek egiten du posible. Albizuk esan bezala «galtzear dauden baloreak azaleratzen dira gure froga honetan. Hala nola, auzolana, doantza eta sakrifizioa».
300 herritarrek lan egiten dute bolondres gisa maratoia prestatzen eta baita egunean bertan ere. Edurnek aipatu zuenez, «klasiko batean bilakatzen» ari den maratoi hau «herrian oinarritzen da eta herria du helburu».
• Ikusi 2012ko lasterketako bideoak eta argazki galeria
Informazio gehiago: zegama-aizkorri.net