Errenta aitorpena euskaraz egin dutenen kopuruak gora egin du Goierri behean
Urteak dira Goierriko hainbat udalerrik errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egiten dienetik haien herritarrei. Herri horien artean daude Ordizia eta Beasain, Goierri beheko bi herri nagusiak. Iazko ekitaldirako, ordea, Goierriko udalek kanpaina bateratua egin zuten Deklarazioa, aukeran euskaraz lelopean, eta kanpainaren bultzatzaileen ustez, horixe izan da errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak gora egiteko arrazoia.
Iazko ekitaldian 4.186 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, 2011n baino %2,5 gehiago. Goranzko joera hori orokorra izan dela nabarmendu dute: Goierri beheko 18 herrietatik 16tan handitu egin da kopurua, eta herri jakin batzuetan gainera %10 egin du gora.
Aurten, kanpaina berriz ere
Emaitzak «onak» izan direla ikusita, Goierriko udalek elkarlanean jarraitzeko borondatea dutela adierazi dute kanpainaren bultzatzaileek, eta «ondo bidean», aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina bultzatuko dute. «Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunek aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Aukera hori egin duzuenak zoriontzen zaituztegu, eta gainerakoei dei egiten dizuegu aurten euskaraz egiteko».