Garraiolari bat hil da Olaberrian
Berria.info – Zamaketa lanak egiten ari zen ArcelorMittalek Olaberrian duen lantegian, eta ibilgailua gainera erori zaio.
Hiru garraiolari autonomoen euskal sindikatuak jakinarazi du lan istripuan zendu dela garraiolari frantses bat gaur arratsaldean Arcelor-Mittal enpresak Olaberrian (Gipuzkoa) duen plantan lanean zegoela. Antza denez, eta Hiruko afilituek eman duten lehen informazioen arabera, garraiolaria zamalanak egiten ari zen eta ibilgailua gainera etorri zaio eta pareta baten kontra zanpatu du. Garraiolaria berehala zendu da.
Langilea Pau-ekoa zen eta 39 urte zituen, eta Hiruk jakinarazi duenez, ez zen Arcelor Mittaleko langilea, baina “sarri egiten zuen lan enpresarentzat, txatarra garraiatzen”. Hain zuzen, txatarra uztera joan denean gertatu da istripua. Hiruk garraiolari guztiei eskatu die 24 orduz xingola beltza jar dezatela euren kamioietan.