Transmisioaren beste lekukotasun bat

Ainara Gastezi, amaren bidea segiz, astero ferian

Ainara Gastezi, amaren bidea segiz, astero ferian

Poliki-poliki bada ere, azken urteetan nabari den mugimendua da, jende gaztea ari dela azokan erreleboa hartzen. Badira saltzaile berriak batetik: Juan Ramon Lizarraga, Mapi Gartzia, Joseba Baez… baina baita gurasoengandin datorkien ohitura jarraitzen dutenak ere. Horietako bat da Ainara Gastesi. Haren ama, Rufina Ramajo, lauroigeko hamarkadan hasi zen Ordiziara etortzen. Bera Cilleros (Caceres, Espainia) herrikoa izanik, hango olibak eta fruitu lehorrak saltzen hasi zen. Poliki-poliki handitzen joan da postua, eta orain, haren alaba den Ainara beasaindarrak fin eusten dio lanbideari. «Txiki-txikitatik amarekin  etortzen nintzen; larunbatetan bereziki, eskolarik ez nuenez, Zumarragara joaten nintzen. Beste lanbide batzutan ibili naiz baina egia esan hau oso gustukoa dut eta ia badira hiru urte astero etortzen naizela, eta ia betirako pentsatzen dut». Udaletxe paretik plazan sartu eta izkinan ezkerretara bigarren postua da Ainararena eta ama Rufinarena. Alabak irrifar ederrez aipatzen du «jendeak txikitatik» ezagutzen duela; eta bezeroekin sortzen den harremana asko estimatzen duela. «Gaur bezalako eguraldia eta postua jarri beharra dira lanbide honek dituen alderik zailenak,   baina edozein goizetan bizi-bizi ari garenean ni gustura aritzen naiz hemen». Hasierako  produktu salmentarekin segitzeaz gain, oliba eta fruitu lehor aukera zabaltzeaz gain, goxokiak ere badituzte. Hasiera hartatik nabarmen luzatu dute postua, eguneroko feriak lanbide bihurtuz. «Aretxabaleta, Beasain, Ordizia, Soraluze, Elorrio eta Zumarragara joaten gara astelehena eta larunbata artean». Legorretako  bere aitona Florentino Gastesi ere noiz nahi ikusten da ferian oraindik;  Ainara ere haren umore eta bizitasunaren jarraitzaile. Produktu jakinetan erreparatuz, marrubi landareak salgai zituen Patxi Izagirrek,  Montes Ibarrakoak (0,70 euroan),  Krabelin txinatarra; Maria Dolores Mendizabal Aramakoak (3 euroan); Aldaba Zaharreko sagarren  zukua berriz ere salgai da Xalba Kuadradoren mahaian(3 euroan litroa). Pottoka tabernan berriz, biltzaila eta ostalariaren zuzeneko tratua eginda, 700 gramoan zen udaberriko ziza. Eta zerrendatik mizpera kendu beharrean gaude, eta kanpoko produktuen artean mahatsa eta granada  ere bai, atzo alerik ez baitzen.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa