Ireki dute Enpresa ekimen berritzaileen lehiaketara proiektuak aurkezteko epea
Goieki Goierriko Garapen Agentziak egin du dagoeneko Enpresa Ekimen Berrien XVI. Sariketara proiektuak aurkezteko deialdia. Azken urteetan egin bezala, bi ataletan banatu dute lehiaketa: batetik, Enpresa ekimen berriko proiektu onena sarituko dute, eta bigarrenik, enpresan bertan egindako proiektu berritzaile onena. Parte hartzeko asmoa dutenek hilaren 26rako aurkeztu dituzte proiektuak Goiekin.
Enpresa ekimen berriko proiektu onenaren sariketaren helburua proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bidez sustzaileen irudia bultzatzea da, eta bide batez, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea. Iazko urtean zehar negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresaren bat sortu duten sustatzaileek parte har dezakete. Proiekturik onenak 6.000 euroko diru-saria jasoko du, eta Goiekiko inkubategiko zerbitzu guztiak erabili ahalko ditu. Proiektuak edo enpresak kooperatibaren izaera baldin badauka, beste 3.000 euro emango dizkio Goiekik sarituari.
Berrikuntzak eragitea helburu
Enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onenaren sariketaren helburua Goierriko enpresa txikiek berrikuntzak prozesuak martxan jar ditzaten eragitea da, produktu, prozesu, merkatu eta antolakuntzan berritzaile izateko. Sariketa honekin enpresa horiek are lehiakorragoak izatea nahi du Goiekik, eta era berean, enpresan bertan balio erantsia sortzea. Atal honetako proiekturik onenak 3.000 euro jasoko ditu sari modura.
Goiekiko bi ordezkarik, Lortek zentroko ordezkari batek, banakako ordezkari batek eta Goierriko hiru enpresatako ordezkari banak osatuko dute bi lehiaketen epaimahaia. Proiektuen maila espero baino apalagoa bada, sariak ezerezean gera daitezke.
Daia Intelligent Solutions enpresak (4.000 euro) eta Goiener kooperatibak (2.000 euro) sari nagusia partekatu zuten iaz. Enpresa barruko ekimen berritzaile onenaren saria, berriz, Sinertecnic S.L.-k jaso zuen (3.000 euro).














