Korpus Eguneko Herri Krosa egin dute gaur eguerdian Legorretan, 25. urtez. Aurtengo edizioan, Patxi Mendizabal eta Izaro Rubio izan dira azkarrenak. Dozenaka lagun bildu dira Bilkoin elkartearen parean, probaren irteeran. Hiru itzuli eman behar izan dizkiote Legorretan barrena prestatutako ibilbideari, 7,5 kilometroko proba osatu arte. Hasieran ateri zela abiatu dira korrikalariak, baina bidean zehar euria ere egin du.
Gipuzkoako eskolarteko bertsolaritzaren festa handia ospatu zen pasa den ostiralean Tolosako Leidor aretoan. XXXIII. edizioa bete du aurten Gipuzkoako eskolarteko txapelketak, eta Tolosako finalarekin edizio honi bukaera borobila eman zitzaion. Gaztetxoen bertsoak entzuteko gogoz inguratu ziren bertsozalez eta bertsolariz bete ziren Leidor aretoko besaulki erosoak, eta arratsaldeko protagonistek, aurtengo finalistek, ez zuten hutsik egin. Saio ederra eskaini zuten denek ere.