Eguberrietarako ekimen bereziak prestatu ditu Ordizian elkarteak
Abenduaren hasieratik martxan da Ordizian merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkartekoek Eguberrien bueltan jarri duten kanpaina. Nahiz eta abenduko azken egunak izan indartsuenak, urtarrilaren 6 arte luzatuko dute, ondoren merkealdi kanpainan sartzeko.
Erakuslehioak atondu, eskaintza zein zozketak, Ordiziako merkataritzara gerturatuko direnentzako hainbat opari, elkarkidetza ekimenak eta bezero zein merkatarientzako informazio buletina izango dira, besteak beste, Ordizian elkarteko ekarpenak. Kaleak, Eguberrietan ohiko den gisan, apaindu dituzte argiekin.
Abenduaren hasieran eman zioten hasiera Ordizian txartela erabiliz 10 saski lortzeko kanpainari. Saskiak zuzenean banatuko dituzte erosketan egiten dituztenen artean edo opariak Ordizian fideltasun txartela bidez bideratzen dituztenen artean. Horregatik, elkartekoek merkatari zein bezeroei erosketa txartelaren azpian agertuko den saria ondo begiratzeko gomendioa egin die. Abenduaren 20an banatuko dituzte sariak arratsaldeko 18:00etan D’elikatuz zentroan.
Eguberrietarako “giro atsegina” sortzeko helburuarekin, erakuslehio lehiaketako edizio berri bat ere jarri dute martxan.Irudimena, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna, erakuslehioaren kalitatea eta ingurumen iraunkortasuna hartuko dituzte kontuan erakuslehioak apaintzerakoan. Abenduaren 19an egingo dute sariketa; irabazleek diru sariak jasoko dituzte.
Etiopia-Utopia, merkataritza solidarioa
Udalaren laguntzarekin Etiopia-Utopia elkarteak aurkeztu duen Zure gabonak bildu kanpainari sostengua emango dio Ordizian elkarteak. GKEak bideratzen dituen proiektuentzako diru laguntzak lortzea da helburua. Ekintza hauek Wukron (Etiopia) egiten ari dira eta Angel Olaran Hernaniko misiolaria aritzen da oinarrizko beharrak babesten eta osasun, hezkuntza, elikagai edo kirol eta beste esparrutan ekintzan egiten.
Helburu hauek betetzeko Kale Nagusiko 25 zenbakian dagoen lokala erabiliko dute, Alda familiak utzita. Abenduaren 16an irekiko ditu bere ateak Gama Gonzalez buru duela. Bertan, gabonetako erosketak oparitarako bilduko dira euro baten truke. Euro hau aipatu proiektuak egiteko erabiliko da. Gainera, hainbat produktu ere erosi ahal izango dira: arropa, liburuak, egutegiak, CDak etab. Lokala irekita egongo da gabonetako kanpaina amaitu arte.