Roman Elosegik idi apustua jokatuko du larunbatean Aian
Zaldibiako Roman Elosegi itzainak idi apustua jokatuko du, larunbatean 22:00etan, Aian (Gipuzkoa). Errenteriako Patxi Idarretaren idi parearen aurka neurtuko ditu indarrak Elosegiren uztarriak, aurreneko dema ofizialean.
Ordu erdiko lana egin beharko dute uztarriek. Kintopeko idiak dira, lehenago plazako lehiara inoiz atera gabekoak. Aiako kintopeko harria erabiliko dute, 1.610 kilokoa. Idi pareak 1.100 kiloko pisuan sartu beharko du. Hortik gora pasatutako kilo bakoitzeko, harriari kilo eta erdiko gainkarga ezarriko diote. Pisaketa bihar gauean egingo dute, Aian bertan.
«Idiak txikiak dira, baina kilo askokoak. Ondo prestatuta goaz, ustez. Urretxuko Asier Ipiñarrieta darabilt prestatzen laguntzen. Bi idiak 1.100 kiloan sartzea da orain erronka; ura kendu eta… Ipiñarrietak dio lortuko dugula», esan du Roman Elosegik.
Urte batzuk badaramatza Elosegik idiak hazten eta probarako hezten. Kintopekoak izanik, orain arte ez dute apustu ofizialik jokatu. Bai erakusketak eta herri giroko apustuak. Duela bi urteko Santa Fe jaietan gizaprobako talde baten aurka aritu ziren, eta galdu egin zuten idiek. Larraitzen ere erakustaldia eginak dira.
Ikusmin handia sortu du idi apustuak. Alde bakoitzak 3.000 euro ditu jokoan. Zaldibiako Joxepanen sarrerak salgai daude, 20 euroan. Zaldibiarren autobuskada bat joango da Aiara etzi, Bilboko manifestaziotik bueltan.