
Ormaiztegiko Irizar enpresa Europako hiri nagusietan autobus elektrikoak ezartzeko ZeUS egitasmoan parte hartzen ari da. Proiektu honek bi helburu ditu: ibilgailu elektrikoak garatzea eta hauek kargatzeko azpiegitura egokiak sortzea.
Proiektuaren bultzatzailea Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuna erakundea da. Honek koordinatzen ditu egitasmoan parte hartzen duten 40 bazkideak. Hauek, mugikortasunean zerikusia duten alor guztiak ordezkatzen dituzte.
Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunean 92 herrialdetako 3.500 erakunde eta enpresak parte hartzen dute. Instituzio honek garraio publikoa eta mugikortasun jasangarria defendatzen ditu.
Erakundeko presidentea den Sir Peter Hendy-ren hitzetan, “elektrizitatea erregai gisa erabiltzea garraioan etorkizun handiena duen aukera da eta autobusetan duen aplikazioa zabaltzen ari da. ZeUS Europako Batzordeak elektromugikortasunaren arloan finantzatu duen anbizio handieneko proiektua da”. Ekimenak Europako Batzordearen 13,5 milioiko diru-laguntza du. Aurrekontua 22,5 milioikoa da.
Egitasmoak 42 hilabete iraungo du eta autobus elektrikoak hirietako mugikortasunerako aukera erreala direla erakutsi nahi dute. Horretarako, Europako zortzi hiritan ezarriko dituzte: Bartzelona, Londres, Glasgow, Stockholm, Muenster, Erroma, Pilsen eta Bonn-en. Klima eta orografia ezberdineko hiriak dira.
Irizar, autobusak fabrikatzen dituen espainiar Estatuko enpresa bakarra da eta proiektuan parte hartzen duen sektoreko bi ordezkarietako bat. Hiriko bi autobus elektriko entregatuko dizkio Bartzelonako TMB garraio enpresari.
Bi autobus hauek 200 eta 250 kilometro arteko autonomia edukiko dute, gidatze zikloaren eta baldintza klimatologikoen arabera. Gainera, pre-klimatizazioa eta Eco-Assist sistemak izango dituzte. Pre-klimatizazioari esker, ibilgailua tenperatura egokienean irteten da garajetik, sareko energia aprobetxatuz eta energia kontsumoa gutxituz. Eco-Assist sistemak, berriz, gidariari ibilgailuaren kontsumoa gutxitzen laguntzen dio. Helburua, autonomia handitzea da.
Ekimen hau oso garrantzitsua da Irizarrentzat, Europan garatzen ari diren programa garrantzitsuenetako bat izateaz gain, taldearen teknologia ezagutarazteko erakusleiho aproposa baita. Gainera, merkatua testatzeko eta bere produktua ebaluatzeko balioko du.