Pertsona sabeletik irabazten dela, ez da esaera hutsa. Jan-edana oparo den lekuan, adiskidetasuna eta giro ona sortzea askoz errazagoa da. Hori badakite Olaberrian, eta urtero erakusten dute Herrialdeen Egunean. Herrian bizi diren jatorri desberdinetako komunitateak pilotalekuan elkartu, bakoitzaren gutizia gastronomikoak goxo prestatuta eman, eta herritarren arteko loturak estutzen saiatzen dira. Gerrikoa, behintzat, estuago zutela bukatu zuten askok, herenegun.
Zortzi herrialde edo erkidego ordezkatu dituzte olaberritarrek aurten. Hego Euskal Herria bitan bereizi, eta «Euskadi» eta Nafarroa aparte jarri zituzten; bat ikurrinarekin eta bestea nafar bandera gorriarekin bereizita. Herrialde Katalanetatik Valentzia sartu da aurten; paella prestatu dute. Galizia (olagarroa zen izarra), Errumania, Maroko (kuskusa eta taloak) eta Espainiako Asturias eta Gaztela eta Leon ziren beste postuak.

Valentziar jatorrikoak paella egiten, igandean Olaberrian./Aimar Maiz
Bisitariek 3 euro ordaindu zuten frontoira sartzeagatik. Barruan, nahi adina janari eta edari postuz postu. Batzuk kexa ziren, hala ere, euro batetik hirura igo dutelako. Beste batzuek gehiago kobratu behar dela zioten.
Janariaz gain, edari tipikoak ere eskaini zituzten. Nafar ardo gorria, edo Olaberrian bertako txakolina. Errumaniar ardo erdi-gozo zuria nahiz beltza; Asturiasko sagardoa, tea… Goi mailako platerak ere baziren: arkumea eta odolki frijitua gaztelarrenean, edo tripakiak euskaldunek.
Gonbidatua, Errumania
Urtero, herrialde bati aparteko arreta ematen diote antolatzaileek. Igandean Errumaniak izan zuen ohore hori. Frontis aldeko postu luzeenean jarrita, jantzi tradizionalekin atonduta zerbitzatu zituzten errumaniar jatorriko goierritarrek produktuak. Hestebeteak zeuzkaten haiek ere, beste postu askotan bezala.
Mitx deitutako okela-nahaskia, esate baterako, gustatu zitzaion jendeari. Itxuraz Goierriko odolki bazirudien ere, txahal, ardi eta txerri haragi nahastuz egina zen, baratxuria eta espeziak nahastu eta sugarretan erreta.

Errumaniako gozokiak eskaintzen, Emilian Dinu./Aimar Maiz
«Mitx deitzen da. Txikia esan nahi du. Txistor frijitua ere badugu, eta antosineko [hitz horixe erabili du] haragia; neguan ontzi handietan gordetzen da, eta udaberrian ateratzen da. Kontserbatzeko erabiltzen zuten horrela», azaldu du Emilian Duni lazkaotar-errumaniarrak. Gustura zen jaialdiarekin. «Elkartrukea da. Jendea alai ikusita pozten gara». Jan eta edan ahala, alaitasuna ere nabarmenagoa baitzen.