Bihar emango diete hasiera Ezkion San Migel festei
Jaien bezperan, dena prest dute ezkiotarrek San Migel festetarako. Bihar hasi, eta igandean bukatuko dira jaiak, eta lau egunetarako egitarau oparoa antolatu dute. Jai egun nagusia larunbata izango da, baina gainontzeko egunetan ere izango da zertaz goztua Ezkion. Eguerdiko meza nagusiak emango dio hasiera egitarauari bihar, eta festa giroa, iluntzean, bertso poteo herrikoiak piztuko du. Bertsolariekin batera, Oria trikitilariak ibiliko dira kaleak alaitzen.
Ostiralean ere izango da poteoa, kasu honetan, frontenis partida azkarrek lagunduta. Horrez gain, gauean mus txapelketa jokatuko dute, eta amaitutakoan Dj Gabilan eta R-Kanutoren musikarekin jarraituko du parrandak.
Larunbatean egun osoko jaia
Larunbatean goizean hasiko dira jaietako ekitaldiak; hain zuzen ere lehena, Izazpira egingo duten txangoa izango da. Arratsaldean, haurren gozamenerako puzgarriak egongo dira herrian, eta gainera, etxeko txikienek zenbait haur jolasetan hartu ahal izango dute parte.
Baina, ezbairik gabe, larunbateko hitzordu garrantzitsuena kantu afaria izango da askorentzat. Afaria bederatzietan izango da, eta segidan, dantzaldia izango da Izer eta Lutxundioren eskutik. Festak ondo bukatzeko, igande iluntzean, barrikotea egingo dute, txalaparta doinuek lagunduta, eta han arkumea zozkatuko dute. Horrez gain, herri kirolak eta dantza ere izango dira Ezkion festetako azken egunean.














