Euskararen lehen etxeari, agur
Lazkao sarreran dagoen Pax etxe ospetsua bota egingo dute. Beneditar fraideek eraiki zuten, 1930 inguruan, eta euskalgintzaren sehaska izan da urte askoan, ikastola eta Goierriko Euskal Eskola hartu baitzituen.
Historia pertsonek egiten dute. Agiriak, gauzak eta eraikinak ere askotan igarotzen dira oroimenaren gordailura, pertsona ekintzaileen eta aitzindarien lanerako ezinbestekoak izan diren neurrian. Lazkaoko Pax etxea multzo horretan sailkatzekoa da: eraikin historikoa, batik bat euskalgintzarentzat sehaska, habia eta plaza izan delako. Hirigintza garapenak eraginda, aurki eraitsiko dute. Hamaika gertaera esanguratsuren lekuko, han egindako lanarekin batera etxea ere ez dute ahaztuko lazkaotarrek, hauts bihurtu arren. Beneditar fraideen komunitatearen jabetzakoa izan da Pax etxea. Izena ere hortik datorkio, beneditarren araua edo Pax benedictina deritzon goiburuagatik. Etxaurrean, teailatupean, agerian daude hiru hizki horiek. «1930ean edo lehentxeago eraikia da Pax etxea. Komentuan garbiketan ibiltzen ziren emakumeak, eta haientzat egin zen pisu bezala. Arropak garbitu eta josi ere egiten zuten han», gogoratu du Juan Joxe Agirre fraideak. Hasieran, ordea, komentuan bizi ziren fraideen senitartekoentzat ostatu izateko eraiki zuten. «Beneditarrak Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik etorritakoak dira Goierrira, eta familiartekoak etortzen zirenean bisitan, haiek egoteko ere sortu zen. Nola komentua klausurakoa zen, eta etxea oso zaharra, ostatu emateko pentsatu zen», dio Agirrek. Bernardo Gorrotxategi beneditar idiazabaldarrak emandako diruarekin egin zuten etxea, hari «herentzian» tokatzen zitzaiona obrara bideratuta. Igeltseroak eta ofizialak kontratatu zituzten, baina «orduan ere dirurik ez» fraideek, eta eskulana beraiek egin zuten: «Beren sotana zaharrak jantzita lanean azaltzen diren argazkiak baziren; nik ikusita dauzkat, baina ez ditut aurkitu». Euskarazko bedeinkapena Pax inskripzioaz gain, etxaurrean badu beste plaka berezi bat etxeak, lehenengo solairutik beheraxeago, ate gainean. Eraiki zutenean, etxeari beneditarrek eurek jarritakoa da. Jesusen Bihotzaren irudi bat da, eta azpian honakoa du idatzita, euskara hutsean: «Onetsiko ditut nere biyotzaren irudiya agiriyan jarri ta agurtzen dutenen etxeak. Jayera au zabaltzen dutenen izenak ezarriko ditut nere biyotzean iñoiz ere aztuko ez diran eran». 1930 ingurukoa da plaka. Agirre artxibozainak udalari eskatu dio irudia etxea eraitsi aurretik kendu eta gordetzeko. «Baietz esan didate». Euskararen izaera hori geroago barruan ere hartzea egokitu zitzaion Pax etxeari. Goierriko Euskal Eskola –Maizpideren ernemuina izango zena– eraikin hartan hasi zen lanean, 1974-75 urteetan. «Lehenengo solairua hartu genuen. Handik bi urtera, langile bat erdi-liberatu edo egin genuen, eta bulego bat ere jarri genuen. Geroago, janleku eta sukalde funtzioa bete zuen, harik eta Maizpide eraikina egin arte», gogoratu du Goierriko Euskal Eskolaren sortzaile Dionisio Amundarainek. Euskara ikastaroak antolatu zituzten han, eta eskolak emateko erabiltzeko zituzten lehen pisuko gelak. «Horiez gain, sotoan ere beste gelaxka bat hartu genuen. Biltegitarako erabiltzen zen normalean, baina noiz edo noiz klaseak emateko ere bai». Euskara ikasteko uholdea eta beharra handitu zenean, «batik bat 1982an HABErekin hitzarmena sinatu ondoren», Pax etxea txikiegi gelditu zitzaion Goierriko Euskal Eskolari. «Areso kaleko etxebeheak hartu genituen. Klaseak han ematen ziren, baina otorduak Paxen», dio Amundarainek. Agirrek gehitu duenez, 1988an Maizpide eraiki eta gero ere bulegoak Pax etxean eduki zituzten, «beste urtebetean edo». Ikastolaren egoitzetako bat Lazkaoko mugak ere aise gainditu zituen biltoki hark. «1979-80 urteak arte AEKren Gipuzkoako bilerak Paxen egiten ziren, hamabost egunean behin. Gehienbat hor biltzen ginen, normalena bilerak Lazkaon egitea baitzen, Paxen», dio Amundarainek. Euskal eskolaren aurretik, ordea, Lazkaoko ikastolak erabili zuen Pax etxea. 1963an sortu zuten, eta lehenengo bi ikasturtean mojen jabetzako Bordaxuri etxean egin zituzten, goiko geletan. «Han bi ikasturte egin, eta hirugarren kurtsoan Pax etxera pasatu ginen. Lau-bat urte egingo genituen, gero, han. Lehenengo solairuan egon ginen. Hiru gela eta komuna genituen. Goian etxebizitzak zeuden», dio ikastolaren lehenengo andereño Mari Karmen Eizagirrek. 1965eko irailetik 1969 ingurura arte egon zen, beraz, ikastola Paxen. Ikastolari ere hedatzeko zoriona etorri zitzaion, eta Lazkaon hainbat tokitan zabaldu zituzten ikasgelak: «Irualdetako lokaletan, elizkristoan… Baliteke Paxen ere oraindik jarraitzea, hainbeste lekutan egon ginen eta». Etxe zaharra desegingo dute, eta altxatuko dituzte berriak haren tokian. Euskaren haizeak, ordea, Paxen segituko du. Bakean.















