Urretxuko eta Zumarragako operaren musika saioak aurkeztu dituzte
Urretxuko eta Zumarragako 600 bizilagun baino gehiagok GI-631 opera prestatu dute. Hilaren 21ean eskainiko dute, 22:30ean, Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun horretan, herriko artista ia guztiek parte hartuko dute. Asteazken arratsaldean, Gorka Hermosa ekimenaren bultzatzaileak eta hainbat parte hartzailek prentsaurrekoa eman zuten egitasmoa azaltzeko.
Urretxuko eta Zumarragako 600 bizilagun baino gehiagok GI-631 opera prestatu dute. Hilaren 21ean eskainiko dute, 22:30ean, Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun horretan, herriko artista ia guztiek parte hartuko dute.
Asteazken arratsaldean, Gorka Hermosa ekimenaren bultzatzaileak eta hainbat parte hartzailek prentsaurrekoa eman zuten egitasmoa azaltzeko. Hermosak ekimen horren helburua «herriko ondare kulturala balorean jartzea eta elkarlana bultzatzea» dela gogoratu zuen. Horretarako, trama bat eta hamalau musika saio dituen ikuskizuna prestatu dute.
Istorioa Jon Plazaolak idatzi du eta aktore lanetan, berarekin batera, Joseba Apaolaza, Barbara Rivas eta Karmakros eta Kon-Fusion antzerki taldeetako kideak arituko dira.
Kontakizuna 2383an kokatu dute. Mundu mailako gerra baten ondoren, mundua Nazio Handiaren eskuetan dago eta herriek euren izana eta izena galdu dituzte. Urretxuk eta Zumarragak GI-631 izena hartu dute.
Protagonistak (Plazaola eta Rivas) Irimo mendira igoko dira eta gurutzea aurkituko dute. Gurutzeak 1383ra eramango ditu, eta euren herriak nolakoak ziren ikusiko dute. 2383ra itzuliko dira eta herriaren izaera berreskuratzen saiatuko dira. Baina istorioko gaiztoa (Apaolaza) hori ekiditen saiatuko da.
Musika saioei dagokienez,taulara igotzen lehenak Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariak izango dira. Albokak eta irrintziek lagunduta, Jesus Mari Dominguez Buliren Egun off kanta joko dute.
Ondoren, Xabier Barriola abeslariak eta Mila Osinalde piano-jotzaileak Gaspar de Arabaolaza urretxuarraren Birjiña Mariari kanta eskainiko dute, musika eskolako dantzariek lagunduta.
Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak Iparragirreren Ara nun diran joko du, abesbatzek eta Irrintzi dantza taldeak lagunduta. Laugarren kanta Juan Jose Belaustegiren Minueto de concierto izango da. Urretxu eta Zumarragako musika bandek joko dute. Bosgarren musika saioari dagokionez, Goiargi abesbatzak Busca Sagastizabalen Sagarraren abestuko du. Josu Marotok zuzenean marraztuko du eta Irrintzikoek dantza egingo dute.
Sekundino Esnaola konpositoreak ere bere tartea izango du, noski: txistulariek Matxintxo joko dute, akordeoiak, soka taldeak, baxuak eta Irimo Azpi eta Goizalde abesbatzek lagunduta.
Ondoren, herriko trikitilariek Zumarragako Trikitixa omenduko dute, Lurra dantza taldeak lagunduta. Edurne Iturbek mix bat prestatu du Oriatarren kantekin. Zortzigarren kantari dagokionez, txistulariek Iparragirreren Zugana Manuela joko dute, Jubilates jazz bandarekin eta Lurra dantza taldearekin.
Bertsolariek, berriz, Gorka Azkarateren Errimablues abestuko dute, musika eskolako Big Band-arekin. Hamargarren kantari dagokionez, Gorka Hermosak bere Gernika 1937/4/26 lana joko du, hainbat musikarik eta gimnasia erritmiko taldeko kideek lagunduta.
Ondoren, Estitxu Sudupe UGAk Elementuak kanta abestuko du hainbat musikarirekin eta musika eskola dantza ikasleekin, eta The Northagirres rock taldeak On saturday night joko du. Azkenik, Rivasek eta Apaolazak Aitor Aranguren Kizt zumarragarraren Azken borroka dance abesti techno-arekin istorioari amaiera emango diote.
Antzeztokian pantaila bat egongo da eta musika saioetan herriko argazkilariek ateratako argazkiak emango dituzte. Gainera, bai hasieran eta bai bukaeran, Iñigo Sbeltzak eta Jon Plazaolak egindako film laburrak eskainiko dituzte. Etxera itzuli aurretik, plazan bildutakoek GI-631 operaren ereserkia abestuko dute: Baina bihotzak dio. Kanta hori Edurne Iturbek konposatu du eta letra Jon Maia bertsolariarena da.
Oharrak
Asteazken arratsaldeko prentsaurrekoan, musika saioak aurkezteaz gain, hainbat ohar eman zituzten. Ikuskizuna 22:30ean hasiko dela gogoratu zuten. Entsegu orokorra egun berean egingo dute, 16:00etan. Sarrera doan izango da.
Eguraldi txarra egingo balu, herri opera Ederrena pilotalekuan egingo lukete. Edukiera txikiagoa denez, bi saio eskainiko lituzkete: 19:00etan eta 22:30ean. Kasu horretan, bai ikuskizunera eta entsegu orokorrera joateko gonbidapena eskatu beharko litzateke: 11:00etatik 13:00etara, Zelai Arizti aretoko eta Ederrena pilotalekuko leihatiletan.
Hermosak urretxuarrak eta zumarragarrak ikuskizunaz gozatzera gonbidatu zituen. «Dagoeneko komunikabide askotatik deitu digute Herri Operagatik galdezka, sinesgaitza iruditzen baitzaie 600 lagun elkartzea. Sekula egin dudan zorakeriarik handiena da, eta jendearen laguntzarik gabe, ezinezkoa izango zen hau guztia aurrera ateratzea. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiet», amaitu zuen Hermosak.
The post Urretxuko eta Zumarragako operaren musika saioak aurkeztu dituzte appeared first on Otamotz.













