Segurako turismo bulegoaren berrikuntzak aurkeztu dituzte
Festetarako ireki zituzten berriro Segurako Ardixarra etxeko ateak. Orduko hartan, eraikina ikusteko aukera izan zuten segurarrek, baina atzo egin zuten aurkezpen ofiziala. Han izan ziren Izarra Urdalleta eta Jone Beldarrain, turismo bulegoko kudeatzaile berriak; Eluska Gerriko Segurako alkatea, Iosune Arrondo Segurako turismo teknikaria; eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria.
Maiatzera arte Aldabe enpresak kudeatu du Ardixarra. Hemendik aurrera, ordea, bi segurarrek izango dute ardura hori. Biak zuzeneko kontratazio bidez hartu zituen udalak aurkeztu zuten proiektua aztertu ostean.
Beldarrainek Ardixarra etxeak emango dituen zerbitzuak zein izango diren adierazi zuen prentsaurrekoan. Batetik, orain arte bezala, turismo bulego eta informazio gune izango dela azaldu zuen, eta taldeei zein norbanakoei bisita gidatuak eskainiko dizkietela.
Ardixarrak kanpotik datozenei ez ezik «herrikoiei ere» eman nahi diela zerbitzua adierazi zuen Beldarrainek. Horen harira, herritarrak «gustura» izatea dela euren helburu nagusietako bat azpimarratu zuen.
Bestalde, Erdi Aroko interpretazio zentroari ere garrantzia handia emango diotela esan zuen, ez baitago Euskal Herrian gai horren inguruko beste interpretazio zentrorik. Lehenengo pisua erakustokia izango dela azaldu zuen Beldarrainek. Festetan, esaterako, eskolako umeen eta pintura tailerrekoen lanak izan zituzten ikusgai, eta aurrerantzean ere, herriko artisauei zein artistei lekua egingo diete.
Berrikuntza modura, dendatxo bat jarri dute beheko solairuan. Bertan, herriko produktuak dituzte salgai, eta xedea herriko artisauen produktuei bultzada bat ematea dela adierazi zuten.
Dagoeneko bisitariek zabalik dituzte ateak; udan, gainera, egunero egongo da irekita eraikina.
ORDUTEGIA
Irailaren 7ra bitartean
- Astelehenetik igandera: : 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era.
- Ostiraletan: 17:30etik 19:30era.
- Larunbatetan eta igandeetan: 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.