
Larunbatean, 18:30ean, Agirre-Etxeberri parkea inauguratuko dute, eta ondoren, Lauroba talde donostiarrak kontzertua egingo du Musika Parkean programaren barruan. Agirre-Etxeberri etxea Patrizio Etxeberria enpresariaren bizilekua izan zen eta 2012an udalarena izatera pasa zen. Urte hartan bertan, udalak parte hartze prozesua eta ate irekien jardunaldiak antolatu zituen.
Aurten parkea txukundu dute eta hurrengo pausoa etxea zaharberritzea izango da. Eraikinak Doinua musika eskola hartuko du.
Parkeari dagokionez, udalak Santikutz kalera ematen duten hormak bota ditu eta Urola kaleko horma txikitu du. Helburua, eraikina eta lorategia bera ikusgai jartzea da.
Bestalde, arrapalak jarri ditu irisgarritasuna bermatzeko eta parkearen goialdean gimnasia egiteko makinak ipini ditu. Makina hauek adineko pertsonentzat dira, bereziki. Agirre-Etxeberri etxeko parkea eguneko 24 orduetan dago zabalik.
Inaugurazioa larunbatean egingo dute, baina abuztuaren 4ean zabaldu zuten. Dagoeneko legazpiar askok bisitatu dute parkea eta batzuek bertara joateko ohitura hartu dute dagoeneko.
Atzo arratsaldean, Irati Karmona, Ane Gutierrez, Irati Mujika, Maddi Ugarte eta Joseba Agirre gazteak bertan argazkiak ateratzen aritu ziren. «Duela hiru bat egun etorri ginen lehenengoz eta, gaur ere oso eguraldi ona egiten duenez, berriro etortzea erabaki dugu».
Parkea asko gustatu zaie. «Lasai egoteko eta hitz egiteko toki bikaina da. Asko gustatu zaigu, baina eserleku eta zaborrontzi gehiago behar direla uste dugu», aipatu zuen gazte talde honek.
Musika eskolako ikasleak
Euretako batzuk musika ikasleak dira eta primeran iruditzen zaie Doinua musika eskola Agirre-Etxeberrira eramatea. «Oso toki polita da musika eskolarentzat. Egungo eraikina baino handiagoa da eta, gainera, hemen ez dugu bizilagunik. Izan ere, bizilagun asko zarataz kexatzen dira», esan zuten.