
Hego haizea lagun zela, uda garaiko azken feria izan zen atzokoa Ordizian. Postuetako produktuei begira ere, udazken kutsua nabaritzen hasi da: intxaurra, hurra, pikua, sagarra, irasagarra, udarea, eta baita aurreneko gaztainak –Oiartzungoak– ere. Babarrun beltza berriz, joan zen astean nobedade izan zena, ugaritu egin da aste honetan. Aldiz, leka gutxiago ikusi dugu eta ondorioz, baita garestiago ere (3 eta 4 euro artean kiloa). Udazken neguko barazkiei dagokionez, astero berriren bat agertzen da; atzo, lehen romanesku azak ikusi genituen.
Loreen erakusleihora lehen pentsamenduak, biolak (euroan bakoitza) eta aleliak (2 euroan) atera zituzten, azalea eta ziklamenekin mahai dotoreak apaiduz. «Oraindik agudo da guzti hauentzako, baina ikusgarritasuna gorde nahian ekarri ditugu» zioen Maria Dolores Mendizabal aramarrak.

Tomate eta piper kontserbak egiteko ohitura azken urteetan asko da, baina bada oraindik eusten dionik. Lan horri ekin nahi dionak jakin beza, tomateetan gehien erabiltzen den udare tomatea kaxaka salgai dela, bai kanpotik ekarria eta baita hemengoa ere. Eta atzoz geroztik piperrak ere kaxaka eros daitezke; morroa, najerakoa eta piko motakoak ( 1-1,5€/Kg.) hain zuzen ere.
Azokako liburua
Asteazkenero Ordiziako mugimenduak, feria tarteko, argitaratu berria den
Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat liburuan bildutakoarekin bat egin zuen. Hantxe, zegokion tokirik aproposenean jarri baitzuen salgai Joxepa Madariagak XV.Gerriko ikerlan bekari dagokion idazlana. Feriara astero etorri ohi diren saltzaileek ale bana izan zuten opari eta aurrerantzean 10 euroan eros daiteke.