Goizean goiz elkartu dira plazan, ibaia garbitzeko prest.
Uretan ibiltzeko moduko katiuskak soinean eta eskuzorroak zein poltsak eskuetan ehun lagunetik gora elkartu dira gaur goizean Legazpiko plazan. Asmo berarekin gerturatu dira guztiak: ibaia eta haren ertzak garbitzera.
Hain justu ere, Agenda 21 egitasmoaren baita antolatuta, Erreka Eguna ari dira egiten Legazpin. Goizeko 10:30ean 120 lagun inguru elkartu dira Euskal Herria plazan. Taldetan banatuta, ibai zati baten ardura hartu du bakoitzak. Plastiko zatiak, botilak nahiz traste zaharrak, goiz osoan zehar arituko dira errekako zaborrak jasotzen.
Eguerdiko ordubaterako itzuliko dira herriko plazara eta bertan jarriko dituzte ikusgai goizean zehar bildutako hondakin guztiak. Bizilagunak ibaiak garbi mantentzearen beharraz jabe daitezen balioko du erakusketa horrek. Urtero egiten duten bezala, behin erabilita, eskuzorroak garbitu egingo dituzte datorren urtean berriro erabiltzeko.
Plazan azken hamar urteetako datuak ere jarri dituzte ikusgai. Iaz, esate baterako, 140 lagunek hartu zuten parte garbiketan eta 660 kilo zabor bildu zituzten. 2006a izan zen zabor gehien bildu zuten urtea, 2.500 kilo.