Korrikalariak irteera puntuan.
Gaur arratsaldean jokatu da Zaldibian IV. Herri Lasterketa. Lasterketa hasi baino lehentxeago euria erruz hasi den arren, jende ugari gerturatu da herriko plazara korrikalariak gertutik ikustera. Guztira 73 korrikalari irten dira lasterketan. Ohiko ibilbidea osatu behar izan dute: plaza paretik abiatu, eta herriaren barreneraino, herriaren goiko aldera eta barrenetik azken bira emanda, helmugara.
Lehendakariko azken proba, bihar
Bihar 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuen IV. Zaldibiako Sari Nagusia jokatuko da. Lehendakari txapelketarako baliagarria da. Hain zuzen, egutegiko azkeneko proba da, eta txapelketaren irabazlea izendatuta dago dagoeneko: Lizarte taldeko Jorge Arcas. Lasterketan 110,7 kilometroko ibilbidea prestatu die Gailurrerantz kirol elkarte antolatzaileak.
Zaldibiatik goizeko 10.00 irtengo da tropela. Itsasondoko Ibarestik aurrena, eta Alegiatik bi aldiz jarraian joan-etorri bana egin Zaldibiaraino, eta hirugarrenean Larraitz igoko dute. Ordizia aldetik itzulitakoan, Gaintzako gaina gainditu, eta lasterketa 12:45 inguruan amaituko da Zaldibiako plaza parean.
IV. HERRI LASTERKETAKO IRABAZLEAK
Emakumezkoak:
- Maider Unanue (Arama)
- Olatz Unanue (Arama)
- Laida Elizegi (Zaldibia)
Gizonezkoetan:
- Eneko Garin (Villabona)
- Gaizka Romero (Arrasate)
- Eneko Jauregi (Ordizia)