Abelgorrien erakusketa Abenidan.
Atzo jaiei hasiera eman ondoren, gaur jaietako bigarren egunari heldu diote urretxuarrek. Kale garbitzaileak eta oraindik ostiralari amaiera eman ezinda zebiltzan gazteak soilik ikus zitezkeen goizeko lehen orduetan herri erdigunean. Goiza aurrera joan ahala ordea, eguzkia indarra hartzen joan den heinean, festa giroak berriz hartu du Urretxu.
Goiztiarren inguruko baserritarrak ibili dira gaur, abelgorrien erakusketa eta lehiaketa baitzuten Abenidan. Entzierro txikiarekin eman diote segida goizari. Gaur gastronomia lehiaketa, folklore jaialdia eta txistulari alardea izango dira hitzordu garrantzitsuenak. Aurtengo alardean, gainera, iaz hil zen Ramon Esnaola oroituko dute: bere hiru pieza joko dituzte eta familiari oroigarri bat oparituko diote. Gastronomia lehiaketari dagokionez, bakailao-bolak prestatuko dituzte. Txosnetan, berriz, kontzertu bikainak izango dira gauean: Kashbad, Kolpatu! eta Zopilotes Txirriaosek joko dute.
Bihar, Euskal Jai egun handia
Goizeko jaia behi-azienden ingurukoa izango da bihar. Belar motak eta haragitarako eta esnetarako behiak erakutsiko dituzte. Haragi gisatua eta behi esnearekin egindako gazta jateko aukera ere izango da. Helburua, behi-aziendetan nola lan egiten zuten eta duten erakustea da. Arratsaldean iritsiko da jaietako ekitaldi kuttuna: karrozen desfilea. Aurten 14 karroza irtego dira.
Festei astelehenean emango diete amaiera, kuadrilla egunarekin.