Beasaingo Lazkaibar auzoko jaiak ospatuko dituzte bihar eta igandean
Beasaingo Lazkaibar auzoan festa giroa nagusituko da bihar eta igandean. Bihar auzoko zaindariaren eguna ospatuko dute. Arratsaldeko 18:00etan jai-batzordeko ordezkari batzuk Arangoiti egoitzara joango dira, han dauden Lazkaibarko auzotarrak bisitatzera. Behin bisita eginda, 20:00ak aldera poteo herrikoia egingo dute, eta edanari lagungarri, afari-merienda egingo dute Beti-bizi elkartean, eta mus partidak jokatuko dituzte.
Astebururako ere utzi dituzte zenbait ekitaldi. Igandeetako Andre Maria Zeruratuaren elizan ohiko mezan, eguerdiko 12:00etan, urte honetan hil diren Lazkaibarko auzotarrak gogoan izango dituzte, batez ere, eta euren aldeko meza egingo dute. 14:30ean, senidetasun-bazkaria egingo dute animatzen diren auzotarrek. Bazkalondoan Beasaingo txistulariak izango dituzte lagun, eta dantzari batek Agurra dantzatuko die bertaratuei.