"Loreak" filma Zinemaldian
http://vimeo.com/104529885
Loreen esanahiaz eta filmean jaso dutenaz aritu dira gaur goizean Jon Garaño (Donostia, 1974) eta Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) pelikularen aurkezpenean.
Astero astero lore sorta bat jasotzen hasten denean goitik behera aldatuko da Anaren bizitza. Beti ordu berean jasotzen du, izenik gabe. Lourdesen eta Tereren bizitza ere lore misteriotsu batzuen eraginpean egongo da. Ezezagun batek, astero, lore-sorta bat uzten baitu haien bizitzan garrantzitsua izan zen norbaiten omenez. Hiru emakume hauen arteko istorioa da Loreak; lore-sorta soil batzuen presentziak astindu dituen hiru bizitzen ingurukoa. Loreek ahaztutzat joatzen zituzten sentimenduak ateraraziko dizkiete… baina azken finean, loreak besterik ez dira.
Loreen esanahiaz eta filmean jaso dutenaz aritu dira gaur goizean Jon Garaño (Donostia, 1974) eta Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) pelikularen aurkezpen prentsaurrekoan. Izan ere, 62. Donostia Zinemaldia jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da Loreak filma.
“Loreak ez dira ezer, jendea da nahi duen esanahia ematen diena”. Hala azaldu du Garañok. “Sentimendu unibertsalez hitz egiten ari gara, agian gizonak eta emakumeak ez gara elkarrengandik horren urrun egongo”, gehitu du Jose Mari Goenagak.
Zine ikasketak egin eta Moriarti ekoiztetxea sortuta, hainbat lan egin ditu Jose Mari Goenaga ordiziarrak. Sari ugari jaso dituzten laburmetraiez gain, 2005ean Goya sarietarako hautagai izan zen Supertramps pelikula eta 2007an Zinemaldian aurkeztu zen Lucio idazteaz eta zuzentzean arduratu zen.
Goenagak eta Garañok elkarrekin zuzendu duten bigarren filma da Loreak. Nazioarteko 100 jaialdi baino gehiagotan hartu zuten parte 80 egunean filmarekin; ibilbidean zehar 30 sari baino gehiago lortu zituzten eta orain artean sari gehien jaso dituen euskarazko film bihurtu zen. Moriati ekoiztetxeak izan duen ibilbide arrakastatsuarekin, euskarazko zinearen munduan erreferente bihurtu dira bi zuzendariak.
Atzo iluntzeko 19:30ean eman zuten lehenbizikoz pelikula Principal Antzokian, baina soilik prentsa eta akreditatuentzat izango zen. Ikusleentzat lehen saio irekia, bestalde, gaur goizeko 9:00etan izan da; gaueko 22:00etan izango da hurrengo saioa.