
Bi urtez behin Jentilbaratza kultur elkarteak antolatzen duen Ohitura Zaharren Jaia igandean izango da, Ataunen. Orain mendebete inguruko bizimodua islatuko dute. Aurtengo jairako gaia Baserria gurea! da; baserria hartuko dute ardatz, eta langintza nahiz lanbide zaharrak erakutsiko dituzte, belar eta egur lanak ere bai, eta baserrian lantzen ziren produktuak ikusteko aukera ere jarriko dute.
Igandean goiz eta eguerdi partean izango da Ohitura Zaharren Jaia. 11:00etan irekiko dute gunea, Ataun San Martinen. Meza nagusira lehengo erara jantzita joango dira herritarrak. Ondoren, antzinako baserriarekin lotutako koreografia eta erakustaldiak egingo dituzte.
Ganadu erakusketa, belar sortak kablez garraiatzeko erakustaldia, belar zuhatza egiten edota umeen jolas zaharrak ikusi ahalko dira. Baserrietako sukalde zaharra eta logelaren erreplika ere jarriko dute ikusgai. Azkenik, ezkontza-arreoa irudikatuko dute, idi-gurdia aurretik hartuta.
Erakusketak 14:00etan bukatuko dira, baina jai giroak gero ere jarraituko du. 14:30ean herri bazkaria antolatu dute, eta 18:00etan erromeria.
Giroa alaitzeko osagaiak ere izango dira, goizean zehar: talogileak ariko dira, eta txistularien esku joango da musika. Postuetan, sagardoa egiten, sendabelarrak, artilegileak, barazkiak eta frutak, txerrikiak eta esnekiak egongo dira. Auto zaharrak ere erabiliko dituzte kalean.
Baserriari eskerra emateko
Bi urtero, gai jakin bat hartu izan du Jentilbaratzak, eta horren inguruan antolatu ohi du jaia. Aurtengo gaiari dagokionez, baserria ez dela «etxe soil bat» azaldu du Jentilbaratza elkarteak. «Baserria mendez mende bizia aurrera ateratzeko nahitaezko baliabidea izan da Euskal Herrian. Bera izan da familiaren ardatza, baserritarraren enpresa, ganaduak eta lurrak ematen zituen ondareak kudeatzeko gunea, behar bakoitzari erantzun egoki bat emateko tresna», diote jaia prestatu dutenek.
Hala, «baserriari gure eskerra emateko» izango da igandeko festa. Ataundar guztien laguntza eskatu dute antolatzaileek, eta «lehengo erara» jantzita joateko eskatu diete.
Lagun artean bazkaltzeko aukera izango da, 14:30ean. Herri bazkaria Bittor jatetxean da. Indabak, oilaskoa, gaztanbera eta kafea sartzen dira menuan (18 euro). Txartelak aurrez erosi ahalko dira, herriko saltokietan.
Ataungo argazkigintza digitaleko rallya ere igande goizean izango da
Ohitura Zaharren Jaiarekin bat egingo du aurten Ataungo X. Argazkigintza Rallyak. Lanbidez argazkilariak ez diren zaletuek parte har dezakete. Izena 09:00etatik 10:00etara Ataungo udaletxean eman behar dute, 5 euro ordainduta. Argazkigintza digitalaren arlokoa da rallya.
Rallyan zer gairi argazkiak atera, izena emandakoan jakinaraziko dute antolatzaileek. Kameraren memoria txartela 14:30etik 15:30era bitartean entregatu beharko dituzte. Bitarte hori izango dute Ataungo udalerri osoan argazkiak ateratzeko. Txartela eman aurretik, lehiaketara aurkeztu nahi dituzten 26 argazki aukeratu beharko dituzte partaideek, eta horiek jaitsiko dituzte. Lehen saria 300 euro da, bigarrena 150, eta lehen bi ataundarrek ere sariak izango dituzte. Sari ematea azaroaren 15ean izango da.