
Zegaman apostua egingo dute etzi goizean herriko lau gaztek, bikoteka. Aritz Irastorzak eta Ruben Zabaletak osatutako bikotea korrika abiatuko da Zegamatik Arantzazura, mendiz. Bizikletak hartuko dituzte han, eta Zegamara itzuliko dira, errepidetik. Alderantzizko ibilbidea egingo dute Aitor Perezek eta Iban Sanjuanek: bizikletan joango dira Arantzazura, eta korrika itzuliko dira Zegamara.
Lau parte hartzaileek 10:00etan hasiko dute lehia, eta itzuli guztia eginda berriro Zegamara lehenengo iristen den bikoteak irabaziko du. Bikote bakoitzeko bi partaideek proba osoa egin beharko dute.
Euskal Herrian egiten diren apostu gehienak bezala, afari batean sortu zen hau egiteko ideia ere. «Lehen ere egina zegoen antzeko apostu bat, eta hortik sortu zitzaigun ideia», azaldu du Irastorzak. Apostua galtzen duen bikoteak, berriz, bazkaria ordaindu beharko dio lasterketa irabazten duen bikoteari.
Irabazteko esperantzak
Proba bi ordu eta erdi inguruan amaitzea espero dute Irastorzak eta Zabaletak. «Aritu gara entrenatzen, eta badugu irabazteko esperantza, hori ez baita galdu behar izaten, baina ezin dugu ahaztu gure aurkariak ere gogorrak direla», esan du Irastorzak. «Perez maila profesionalean ibilitakoa da».
Apostua irabazten duenak irabazten duela, ezin ukatu proba polita ikusteko aukera izango dutela etzi zegamarrek.