Osasun etxe berria, martxan

Idiazabalgo_osasun_zentroaIdiazabalgo Udalak aurrera darama osasun etxe berria egiteko proiektua. Urriaren biko udalbatzan onartu zituzten zentro berria egiteko obrak esleitzeko baldintza ekonomikoak eta administratiboak, eta dagoeneko irekita dago interesa duten enpresek haien proiektuak aurkezteko epea. Proiektua eta esleipen baldintza horiek, ordea, ez dituzte aho batez onartu udal ordezkariek. Ezezko botoa eman zuten Bilduko bost zinegotziek, eta Izal Bai udal taldearen sei botoei esker atera zen aurrera. Osasun etxe berria herriaren erdigunean bertan kokatzea da udalaren asmoa, horretarako behe solairu bateko lokala egokituz. Lokal horren alboan, gainera, aparkaleku handi bat dago. Kokapen berriarekin, herritarren irisgarritasuna bermatu nahi dute. Gainera, osasun etxe berria eta eguneko zentroa alboan geratuko lirateke, herriko zerbitzu publikoak gerturatuz. Irisgarritasuna bermatzeko helburuari jarraituz, kokapena aldatzeaz gain, mugitzeko ezintasunak dituztenentzat egokitu nahi dute osasun etxe berria. Udalaren arabera, ez da koskarik egongo, pasabideak zabalak izango dira, gurpil aulkiak biratzeko lekua egongo da gela guztietan eta komun egokituak jarriko dituzte, besteak beste. Ioritz Imaz alkatearen hitzetan, «langileekin eta erabiltzaileekin hitz egitea nahikoa da gaur egungo osasun etxean zein arazo dituzten jakiteko, eta osasun etxe berriaren kokapena eta distribuzioa askoz hobeak direla jakiteko». Hori dela eta, Imazen ustetan, Bilduren ezezko botoak ez die herri interesei erantzuten. Bildu proiektuaren aurka dago Idiazabalgo Bilduk, ordea, garbi du bere jarrera, eta garbi ditu osasun etxe berria lekualdatzearen kontrako arrazoiak. Aloña Barandiaran zinegotziaren hitzetan, Bilduk ez du uste proiektu honi lehentasuna eman beharko litzaiokeenik. «Bilduk ez du oraindik proiektu berria justifikatzen duen txosten objektiborik ikusi, nahiz eta eskatu dugun», adierazi du. Ezezko botoa emateko beste arrazoi bat finantziazio eza da. «360.000 euro bideratu dira proiektu hori egin ahal izateko, eta Osakidetzak ez du finantziaziorik bermatu». Imazek azaldu duenez, proiektua aurkeztuta dago horrelako obrak finantzatzeko ateratako diru laguntza deialdira. Udalak ez du ebazpenik jaso oraindik, ordea. «Hala ere, aurrekontuetan hartutako konpromisoa betetzeko, ejekutatzea erabaki dugu», esan du Imazek. Bilduk horixe leporatu dio, hain zuzen, Izal Bai udal taldeari: finantziaziorik gabe proiektua martxan jartzeko horrelako presa izatea. «Finantziazio ezak dagoeneko erakutsi ditu bere lehen ondorioak, eta aurrez aurrekontuetan onartutako hainbat lanetarako diru partidak osasun etxearen proiektura bideratu behar izan dira», esan du Barandiaranek. Konponketak egitearen alde Dena den, gaur egungo osasun etxean leku falta edo irisgarritasun arazoak egotekotan, hutsune horiek konpontzearen alde daudela esan du Bilduk. Horretarako, ordea, azterketa tekniko bat egin beharko litzatekela uste dute. «Gaur egungo eraikinean ez da behar bezalako azterketa teknikorik egin, dauden gabeziak bertan konpontze aldera». Azkenik, Bilduk uste du badirela konpontzeko beharra duten beste azpiegitura batzuk ere, pilotalekua eta kultur etxea kasu.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa