Mizpirak, intxaurrak eta oliba freskoak
Aste honetako ferian ere aurkitu dugu garaiko produktu berriren bat edo beste. Atalez atal errepasatuz, Nafar intxaurra delakoa (6€/Kg.) eta lehen mizpirak (3€/Kg.) aurkitu genituen Zaldibiako Axun Etxeberriaren mahaian. Azken hauek gogorrak daude oraindik, izan ere, orain jaso eta usteltzen utzi behar baitira jateko puntuan izan arte. Nafar intxaurra berriz, normala baina handiagoa eta arinagoa izaten da; tokian-tokiko izena hartzen du, zenbait lekutan mari-intxaurra edota moskatela ere esaten zaio. «Handia eta arina da, eramaten duenak berriz ere horiek erosi ohi ditu, gozoxeagoak dira-eta» Axunen hitzetan; «zuhaitzari berriz, ez zaio tankerarik ematen fruitua eman artean» .
Aurreneko oliba freskoak ere aste honetako kontua dira. Juani Lopezek eta Teodoro Mioz ilobak urtero bezala ekarri zituzten Almendralejotik. Postua, udaletxetik begiratuta, plazaren eskubiko aldean jartzen dute. Aspaldikoak dira ferian, azeituna, fruitu lehor eta abar saldu ohi dute, astez aste. «Ez da asko saltzen dena, baina bezero jakinak ditugu, gehienak kanpokoak, baina hemengo batzuk ere ikasi dute prestatzen». Aukera handia dago «rajada, matxada, sevillana, del barranco… baina ezagunena, finena eta salduena manzanilla motakoa da. Berdea zein beltza kiloko 6 euroan saltzen dira, freskoak berriz 2 euroan. Biltzen hasi berriak dira eta otsailera arte iraun ohi du.
Pipar hilabetea bukatzear
Bertako produktuak ezagutarazteko martxan jarritako 12 Hilabete, 12 produktu kanpainaren barruan, piparra izan da hil honetako protagonista. Vesga anaiek zuten atzo jarria postu berezia. Bestalde, kultur etxearen aurreko plazan, Amatrianek bertan erretako piparrak ere eros zitezkeen atzo.
Azaroaren 1erako loreak enkargatzen hasia da jendea, lorezaleek izango den aukera erakutsi zuten. Datorren astean eskainiko diogu honi behar duen arreta.
Azkenik, ekoizleak berak zuzenean Valentziatik ekarritako laranjak eta mandarinak ere salgai dira atzoz geroztik, Goen Plazan.
- Aste honetako prezioak