2015ean ez da zergarik igoko
KPI negatiboa izanda, zergak eta tasak ez igotzea erabaki du Ordiziako Udalak . Oposizioarekin adostu dituzte hainbat aldaketa .Hobari berriak prestatu dituzte
Asteazkeneko osoko bilkuran gaia landu eta zergen eta tasen gaineko argibideak emateko agerraldia egin zuten atzo goizen Ordiziako udal gobernuko ordezkariek. Erabaki garrantzitsuena da 2015erako tasak eta zergak ez igotzea erabaki dutela, 2013tik 2014ra KPIa negatiboa izan dela kontuan hartuta. Igor Eguren alkateak azaldutakoaren arabera, zerga politikan lau oinarri nagusi izan dituzte kontuan. Batetik progresibitatearena, «gehien duenak gehiago ordaindu behar duelako»; ekitatea; pribilegiorik eza; eta kudeaketan gardentasuna. Krisi garaia izanda, «hobarien politika landu eta aztertu» dutela aurreratu dute.
EAJ eta PSE udal taldeen ordezkariekin jorratu dute gaia, eta haien proposamenak jaso ere bai. «Horietako batzuk zuzenean txertatu ditugu, beste batzuk eztabaidatu egin ditugu», zioen alkateak. Oposizioko taldeen babesa zuten arren, Bilduren aldeko botoekin egin zuen aurrera neurriak osoko bilkuran.
Izaro Intsausti zinegotziak eman zituen aldaketen gaineko zertzelada nagusiak. Lehenbizi baliabide gutxien duten familiei hobariak aplikatzeko taula berria onartu dutela azaldu du: «INEk finkatzen dituen pobrezia datuak hartu ditugu erreferentziatzat». Eguzki energiaren aprobetxamendu termikoak edo elektronikoak dituztenei %25eko hobaria ezarriko diete, auto elektrikoei eta gasdunei %30ekoa; alokairu sozialen programan eta desjabetuei alokatzen dietenek, %50ekoa; Babes Ofizialeko etxe-jabeek %25ekoa lehen 3 urtetan; eta etxeak eraikitzeko enpresentzat %50era jaitsiko dute hobaria.












