Bikale tabernak ateak itxi ditu
Beasaingo Bikale tabernak ateak itxi zituen igandean, 48 urteko ibilbidea egin ondoren. Arana eta Iturriotz kaleen arteko taberna honetan bizitakoak kontatu ditu Antton Aranburuk.
Familia giroko taberna zen igandean ateak itxi zituen Bikale taberna. Txikiteokoa, mus partidena, pintxo goxo eta bereziena, eta baita bermutarena eta koktelena ere. Eta nola ahaztu Bikaleko Mamada: maitasun perfektua txupito ezaguna.
Pintxo bereziak barra gainean: hamazazpi zaporedun pintxo bat ere bai tartean! Eta pintxo plater bakoitzak, panpin txiki bat, apaingarri. «Aitaren kontuak dira horiek», dio barrez etxeko semeak, Antton Arranburuk.
Familia girokoa
Gutxi geldituko dira jada, famialiakoen artean kudeatutako tabernak. Maritxu Orbegozo, Iñaki Aranburu eta Antton Aranburu aritu dira lanean, eta egun berezietan, baita arreba ere.
Tabernan hasi aurretik, kamioien mekanikari lanetan aritu zen Iñaki, eta Maritxuk Tolosako eta Zarauzko hoteletan lan egin zuen. Baina, tabernan aurkitu zuten euren bokazioa.
Hasieran, goizetik gauera lan egiten bazuten ere, azken urteetan deskantsu bat hartzen zuten eguerdian. Izan ere, «eguerdiko txikiteoa eta bazkaldu ondorengo kafea eta pattarra utzita dago jendea», Aranburuk dioenez.
Bolada batean, larunbat gauetan zozketak ere egiten zituzten Mamada txupito ezaguna hartzen zutenen artean, eta bermutarekin ere antzerako zerbait egiten zuten. «Urdina zen azpitik, gero esnegaina zeraman eta Granadina tanto bat. Kanela hautsa ere botatzen genion. Txokolatezko edalontzietan zerbitzatzen genituen, eta hau ere jan egiten zen», dio.
Magia trukuak ere egiten zituen aita Iñakik tarteka, bezeroen harreta bereganatuz. Kaxuelitek ere harrera ona izaten zuten bezeroen artean. «Azken boladan, Kantujirakoek hemen amaitzen zuten euren ibilbidea. Aurreko ostegunean 44 laguni zerbitzatu genien, adibidez».
«Agur eta eskerrik asko»
Iturriotz eta Arana kaleen artean dagoen taberna honek, 48 urteko ibilbidearen ostean, ateak itxi behar izan zituen igandean, alokairua garestituko litzaiekelako abenduaren 31tik aurrera, eta baita arrazoi pertsonalengatik ere. Orain, Anttonek, tabernaren batean lanean hasteko esperantza du. Gainerakoek, hainbeste merezitako deskantsua hartuko dute.
Bikaleko sendiak eskerrak eman nahi dizkiete hainbeste urtean bezero izan dituzten guztiei, bai beasaindarrei eta baita eskualdeko beste herrietakoei.
[nggallery ID=54]










