Elkartasunaren uholdea
Ruandako Gihara eskualdeari laguntzeko jardunaldiak hasi dira Lazkaon. Elkartasun jaialdia izango da Arerian gaur, eta erakusketa eta salmenta astebetean. Solidaritatea landuko duteUrteroko legez, Gabon aurreko egunak elkartasunari eskainiko dizkiote L...
Ruandako Gihara eskualdeari laguntzeko jardunaldiak hasi dira Lazkaon. Elkartasun jaialdia izango da Arerian gaur, eta erakusketa eta salmenta astebetean. Solidaritatea landuko dute
Urteroko legez, Gabon aurreko egunak elkartasunari eskainiko dizkiote Lazkaoko elkarte eta eragile askok. Rwanda Elkarteak 16. urtez jardunaldiak, erakusketa eta salmenta antolatu ditu, eta San Benito ikastola gehituko zaio. Beste behin, Giharako (Ruanda) haurren eskolari laguntzeko dirua batuko dute.Rwanda elkartea duela hogei-bat urtetik ari da Giharako eskola hornitzen laguntzen. Ikastolan ere ikasleek, elkartasun kontzeptua lantzeko garaian, hara bideratzen dute ekimen bitartez lortutakoa.
Beharra inoiz baino larriagoa da, gainera. Giharako Saint Dominique eskolakoek jakinarazi dutenez, urriaren 15ean haizete bortitza izan zen, eta lau gelatako teilatuak eraman zituen, beste bi gelatakoak suntsitu, eta irakasleen gelako teilatua puskatu. 2015erako konpondu beharrean dira, eta laguntza eskatu dute, «emergentziazko egoera» hori beste edozeren aurretik jarrita.
Salmenta eta jaialdia
Rwanda elkarteak atzo ireki zuen, kultur etxeko aretoan, gune nagusia. Josu Altzelai legazpiarraren Afrikako begiradak argazki erakusketa jarri dute. Bestetik, areto berean bidezko merkataritzako produktuen dendatxoa ipini dute. Abenduaren 19a arte egongo da, 16:30etik 19:30era astegunetan, eta 12:00-13:30 eta 18:00-20:00 tarteetan asteburuan.
Bestetik, ikastolako haurrek gaur egingo dute Areria aretoan Elkartasun Jaialdia. 17:30ean HH5ekoek egingo dute ikuskizuna, eta 18:00etan gainerakoek. Sarrerak kontatuak dira, eta leihatilak banatuko dituzte.
Jostailuen salmenta solidarioa ere egingo dute, plazako estalpean. Gaur, bihar eta etzi erosi ahalko dira bigarren eskuko jolasak, jokoak eta ipuinak, 16:30etik aurrera (bihar eta etzi goizetan ere bai).
Azkenik, Rwanda taldeak La fuente de las mujeres filmaren emanaldiarekin osatuko du egitaraua. Asteazkenean 21:30ean da, Areria aretoan.
Jardunaldiek bi helburu dituzte: «Hirugarren munduko errealitatea gureratu nahi dugu, batetik. Eta kaleko umeak hartzen dituen ikastxokorako laguntza bildu ere bai».













