Zaldibiako Udalak 1,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2015erako, iaz beste
Herri bideak konpontzea, eta iaz parte-hartze prozesuan atera ziren ideiak burutzea izango dira egiteko nagusiak. Ur zikinen arazketagatik gastua izango du udalak. Bi langile hartuko dituZaldibiako Udalbatzak 1.532.643 euroko aurrekontua onartu du udal...
Herri bideak konpontzea, eta iaz parte-hartze prozesuan atera ziren ideiak burutzea izango dira egiteko nagusiak. Ur zikinen arazketagatik gastua izango du udalak. Bi langile hartuko ditu
Zaldibiako Udalbatzak 1.532.643 euroko aurrekontua onartu du udalarentzat, 2015erako. Iazko kopuruaren maila berean antolatu du diru banaketa udalak, %0,76ko jaitsiera soilik eginez (11.788 euro gutxiago aurten).Azkeneko urteotako ildoarekin jarraituta, udalak ez du aurreikusi inbertsio handirik egiterik, ez eta gaur egungo antolakuntzatik aldaketa nabarmenik egiterik ere. «Aurtengo aurrekontuak ere, urtero bezala, orain arteko zerbitzu guztiak mantentzeko helburua izan du», azaldu du Hirigintza zinegotzi Eñaut Hernandezek.
Mantentzeaz gain, udal langileen taldea indartuko dute 2015 honetan. Bi langile kontratatzeko asmoa du udalak.
Inbertsioen atalerako denera 95.000 euro pasatxo izendatu ditu. Legealdi osoa iraun duen herri bideen konponketa plangintzarako 35.000 euro bereizi ditu. Kultura ekitaldietan erabili ohi duten musika ekipo eramangarri berria erosteko 5.000 euro erabiliko ditu.
Etorkizuneko ideiak
Bestetik, etorkizuneko Zaldibia nolakoa izan behar den diseinatu zuten iaz, parte-hartze prozesuan. Hango ideiak burutzeko 55.407 euro izango dira.
Gastu berri eta aipagarri bat ere sortuko zaio aurten Zaldibiako Udalari. Ur zikinen arazketa zerbitzua Ur Kontsortzioak hartuko du bere gain. 92.365 euro kostako da. «Kopuru hori izugarria da, eta esku hartzea behar du, gutxienez erdira jaisteko», aurreratu du Hernandezek.
Bilduren botoekin onartu zen aurrekontua. Oposizioko Zaldibia Herrigintzan taldea abstenitu egin zen. Herri batzar batean ere aurkeztu du asmoa udalak.













