Maratoiaz gain kilometro bertikala egingo dute Zegaman lehen aldiz
Ostiralean irekiko dute bi probetarako izena emateko epea, eta otsailaren 27an zozketa egingo dute. Maiatzaren 15ean izango da kilometro bertikala, eta 17an mendi maratoiaMaiatzaren 17an egingo dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia, aurten hamalaugarren ...
Ostiralean irekiko dute bi probetarako izena emateko epea, eta otsailaren 27an zozketa egingo dute. Maiatzaren 15ean izango da kilometro bertikala, eta 17an mendi maratoia
Maiatzaren 17an egingo dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia, aurten hamalaugarren urtez. Ostiralean hasi eta otsailaren 6ra bitarte izango da lasterketan izena emateko aukera. Parte hartzaileen aukeraketa aurreko urteetan bezala egingo dute: iazko maratoian denbora onenak lortu zituztenei banatuko dizkiete 125 dortsal, eta zozkatu egingo dituzte beste 225. Otsailaren 27an egingo dute zozketa. Bestalde, azken urteetan bezala, junior proba ere egingo dute maratoian, hamasei eta hemezortzi urte bitarteko gazteentzat.Ibilbideari dagokionez, aldaketa txiki bat baino ez dute iragarri antolatzaileek. Ainhoa Txurruka maratoiaren koordinatzaileak jakinarazi duenez, zortzigarren eta hamargarren kilometroen artean izango da aldaketa: pista zati bat sahiesteko, korrikalariak ez dira Ultzamatik behera jaitsiko, eta Beundatik igaroko dira. Aldaketa horrek, dena den, ez dio eragingo lasterketaren distantziari, ezta desnibelari ere.
Aurten, ordea, bada berrikuntza nabarmen bat: mendi maratoiaz gain, kilometro bertikala egingo dute Zegaman. Maiatzaren 15ean izango da, ostiral arratsaldez. Harrihanditik aterako dira parte hartzaileak, eta Aitxuriko gaineraino igoko dira. Ibilbideak 3.248 metro izango ditu, eta 1.015 metroko desnibela. Ostiralean irekiko da kilometro bertikalerako izen ematea ere. Aurten lehen urtea denez, 150era mugatu dute parte hartzaile kopurua, eta izena ematen duten guztien artean zozketa egingo dute. Otsailaren 27an egingo dute kilometro bertikalerako zozketa ere.
Proba kontinentala ere bai
Urrian jakinarazi zuten moduan, munduko koparako puntuagarria izateaz gain, Europako proba kontinentala izango da aurten Zegama-Aizkorri mendi maratoia Sky kategorian. «Munduko kopa irabazteko hiru lasterketetan parte hartzeaz gain, proba kontinental batean parte hartu beharra dago», azaldu du Txurrukak. «Europako proba kontinentala Zegamakoa izatea oso garrantzitsua da, horrek Europako elitea erakarriko baitu».
Goyo Larrañaga Espainiako mendi eta eskalada federazioko kidearen ustez ere positiboa da Zegama-Aizkorri proba kontinental izateko aukeratu izana. «Mundu mailan oso proba garrantzitsua da, eta onenak egongo dira bertan». Horrez gain, maratoia eta kilometro bertikala National Series koparako ere puntuagarriak izango direla jakinarazi du Larrañagak, proba bakoitza bere kategorian.
Alkatearen esker hitzak
Edurne Albizu Zegamako alkateak esker ona agertu dio Amezti Kirol Elkarteari, lasterketaren antolaketa teknikoa egiteagatik. Herritarrek egiten duten lan boluntarioa ere goraipatu du Albizuk: «Harro nago hainbeste boluntario dituen herri bateko alkate izateagatik». Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Hazi fundazioari ere eman dizkie eskerrak, hasieratik eskainitako babesagatik.












