23. Leire Contrerasen omenezko 37. Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia, larunbatean
Banakako proba egingo dute aurrena, eta australiar erakoa gero. Ohi bezala, 80 eta 100 igerilari artean espero dituzte.
Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia, artxiboko irudian. Josune Zarandona Larunbatean, ekainaren 20an, igeriketa eta omenaldiak izango dira protagonista Beasaingo Antzizar kiroldegian. 37. Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia jokatuko da, 23. Leire Contreras Memoriala izango dena.
Hainbat klubetatik etorritako igerilarik parte hartuko dute, baina irekia da parte hartu nahi duen edonorentzat ere. 09:30ean beroketekin hasiko dira, eta 10:30ean izango da probaren hasiera. Lehenengo zatia banaka izango da. Igerilariek lau estilotan egingo dute igeri: bularra, bizkarra, tximeleta eta krol.
Ondoren, australiar proba egingo dute. Abiadura eta erresistentzia neurtuko da. Serietan, maila guztietako neska eta mutilek igerilekuaren zabaleran egingo dute igeri, eta aldi bakoitzean azkenekoak probatik kanporatuta geldituko dira, irabazlea nor den erabaki arte.
Igartza Igeriketa taldeak jakitera eman duenez, ohi bezala 80 eta 100 parte hartzaile inguru espero dituzte sariketan.
37. aldiz antolatu du Igartza taldeak Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia. Leire Contrerasen omenez egiten den 23.a izango da. Leire Contreras igerilaria izan zen, eta entrenatzailea gero. Istripu baten ondorioz hil zen Beasainen entrenatzaile zela, eta harrezkero haren omenaldi gisa egiten dute ekitaldia.
Probatzeko deia
Igartza taldeak astelehenean hasi zituen ate irekiak, igeriketan hasi edo probatu nahi dutenei zuzenduta. Gaur izango da azken eguna. 17:00etatik aurrera Antzizar Kiroldegian izango dira. «Ez da beharrezkoa igerian ondo jakitea; gogoa, ausardia eta energia baloratzen ditugu», nabarmendu dute. Kirola probatu eta taldea ezagutzera gerturatzeko deia egin dute.












