Hirugarren aldiz izango da zerrendaburu; aurreko bietan alkate izan zen, 1999an eta 2003an
Lazkaoko EAJk Felix Urkola Iriarte izendatu du maiatzeko udal hauteskundeetarako alderdi jeltzalearen alkategai. Hirugarren aldiz joango da zerrendaren buruan; aurreko bi aldietan, 1999an eta 2003an, alkate aukeratu zuten.
Ostiral iluntzean aurkeztu zuen bere hautagaitza Urkolak, Areriako sotoan, 60 bat entzuleren aurrean. Alkate izan zen bi agintaldietan egindako lanak erakutsi zituen pantailan. Bera ez dela izan EAJren lehen hautagaia alkatetzarako aitortu du, baina proposatutakoak ez direnez animatu, atzera alkate izatearen aukerak “ilusioa” piztu diola esan du. “Bildu da atzera aurkez nadin animoak eman dizkidana. Ez dut nahi ezker abertzaleak duen ikuspegia izango duen mundua etorkizunerako”, gehitu zuen.
Felix Urkola, Lazkaoko alkatetzarako hautagaitza aurkezten, ostiralean./Ainara Alarcia
Udalgintzarako hiru ardatz izango dituela aintzat aurreratu zuen: egoera ekonomikoa, bakea eta bizikidetza, eta erabakitzeko eskubidea. 40 bat minutuko aurkezpena egin zuen, zati handiena 1999-2007 aldiko lanen errepasoari eskainia. Hasierako sarreratxoa izan ezik, gaztelaniaz hitz egin zuen aurkezpen ia osoan.
Urkola Eusko Legebiltzarreko kide da gaur egun, EAJtik. 2013ko urtarrilean hartu zuen kargua, Ane Urkiola legazpiarrak utzitako zizeilua betez. Alkate izan zeneko zortzi urteen ondorenetik, hurrengo bi legealdietan ere zinegotzi da Lazkaoko Udalbatzan, azken lau urteak oposizioan.
Tolosan jaioa 1970ean, apirilean beteko ditu 45 urte. Zuzenbidean lizentziaduna da, administrazio publikoan graduondokoarekin.