5.871 izen emate eta 450 dortsal
Dagoeneko itxita dago Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea. Ia 6.000 lagunek eman dute izena, baina 450 dortsal baino ez daude. Otsailaren 27an egingo dute zozketa.Urtetik urtera gora doa Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko aur...
Dagoeneko itxita dago Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea. Ia 6.000 lagunek eman dute izena, baina 450 dortsal baino ez daude. Otsailaren 27an egingo dute zozketa.
Urtetik urtera gora doa Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko aurretik izena ematen duen jende kopurua. Aurten maiatzaren 17an egingo da maratoia, eta guztira 5.871 izen emate izan dira. «Iaz 4.000tik gora izan ziren, eta aurrekoan 3.000tik gora», adierazi du Alberto Aierbe antolatzaileak. «Urtetik urtera milakotan ari da hazten kopurua, eromena da».Izena eman duten ia sei mila lagunen artetik 350 lagunek baino ez dute maratoian parte hartzeko aukera izango. 125 dortsal iaz denbora onena egitea lortu zutenei banatuko dizkiete. Beste 225 dortsal, berriz, otsailaren 27an zozkatuko dituzte. Eta 450 lagunetara iristeko falta direnak, beste ehun dortsal, «konpromisoen» arabera banatuko ditu antolakuntzak. Datorren urtera arte itxaron beharko dute gainontzekoek.
Guztira 858 gipuzkoarrek eman dute izena maratoirako, horietako 174 goierritarrak. Aierberen hitzetan, ordea, Bartzelonako datua da nabarmenena: 1.164 izen emate. Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Europako beste hainbat herrialdetako korrikalariek ere eman dute izena, baita Europaz kanpokoek ere.
Kilometro bertikalean, 601
Aurten lehen aldiz kilometro bertikala ere antolatu dute. Maiatzaren 15ean egingo da proba, eta, lehen urtea izanik, 150 dortsal zozkatzea erabaki dute. Proba honetarako 601 lagunek eman dute izena, eta otsailaren 27an egingo dute zozketa, maratoikoarekin batera. Izena eman dutenenen artean 32 dira goierritarrak.












