Legorretan eta Zaldibian izan dira Aldundiko ordezkariak, herritarrekin
Legorretako paper fabrika eta Zaldibiako Bilore lantegian izan ziren atzoko bisitan, eremu degradatuei irtenbide bat bilatzeko. Martxan dituzten proiektuak ere bertatik bertara ikusi zituztenGipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Legorretan eta Zaldibia...
Legorretako paper fabrika eta Zaldibiako Bilore lantegian izan ziren atzoko bisitan, eremu degradatuei irtenbide bat bilatzeko. Martxan dituzten proiektuak ere bertatik bertara ikusi zituzten
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Legorretan eta Zaldibian izan ziren atzo, Herritarrekin herrira egitasmoaren barruan. Udal ordezkariekin eta herritarrekin hitz egitea da bisita hauen helburua, eta herrian aurrera eramaten ari diren proiektuak bertatik bertara ikustea.Legorretan izan ziren goizean, eta bertako eragile kulturalekin bildu ziren herriaren 400. urteurrenaren inguruan antolatu dituzten ekintzez hitz egiteko. Paper fabrika ikustera ere joan ziren. Aldundiarena da fabrika 2009az geroztik, eta eraikinarekin zer egin daitekeen aztertzen ari dira. «Oso eremu degradatua da eta irtenbide bat bilatu behar diogu ahalik eta lasterren», adierazi zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak. Aldundiak «berehala» erabakiko du eraikina guztiz bota edo zati batzuk mantendu, ondare kultural gisa.
Zaldibiako Bilore fabrika ere bisitatu zuten atzokoan, hura ere eremu degradatua baita, baina kasu hori «konplikatuagoa» dela adierazi zuen Garitanok, jabetza ez baita Aldundiarena.
Eremu degradatuak bakarrik ez, martxan diren proiektuak ere bisitatu zituzten. Zaldibian, esaterako, pilotalekua bisitatu zuten. Aldundia eta udala parte hartze prozesua egiten ari dira herrian, Aldundiaren Itten sozietatearen bidez, pilotalekua nola estali erabakitzeko. Aurten lanen lizitazioa egitea aurreikusten dute.
Legorretako zinema
Itten programaren barruan egiten ari dira Legorretako zinema ere, eta han izan ziren Aldundiko ordezkariak, proiektua nola doan ikusten. Bestalde, Goierriko lehen sektorea bultzatzeko Kixkurgune proiektua ezagutu zuten Zaldibiako Goizane zentroan, eta bi herrietan herri batzarrak egin zituzten iluntzean, herritarren kezkak jakiteko.













