Segurako aterpetxean 'Hazparneko anderea' antzezlana izango da gaur
Hitz edo Irri euskara elkarteak eta Iparra Hegoak antolatu dute. Lapurdiko Iduzkilore taldeak eskainiko du emanaldia, 19:00etan, eta aktoreen artean izango da Lierni Elortza segurarraHasi dira dagoeneko Iparra Hegoa kultur astearen aurreko ekitaldiak. ...
Hitz edo Irri euskara elkarteak eta Iparra Hegoak antolatu dute. Lapurdiko Iduzkilore taldeak eskainiko du emanaldia, 19:00etan, eta aktoreen artean izango da Lierni Elortza segurarra
Hasi dira dagoeneko Iparra Hegoa kultur astearen aurreko ekitaldiak. Kantaldia izan zen larunbatean, eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango da gaurkoan. Senpereko (Lapurdi) Iduzkilore talde amateurrak Hazparneko anderea antzezlana taularatuko du, 19:00etan, Aterpetxeko aretoan. Telesforo Monzonek 60ko urteetan idatzitako lana da antzeztuko dutena, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Aktoreetako bat, berriz, Lierni Elortza segurarra da.Elortzak azaldu duenez, Monzonen idatzi klasikoari umorea jartzen asmatu du Lipusek, ikuspuntua erabat aldatuz. «Aktoreok ez gara profesionalak, amateur talde bat gara, eta oso ongi etorri zaigu Lipusen zorroztasuna». Elortzaren esanetan, jendeak antzezlanarekin barre egitea lortu dute, eta hori da gakoa.
Hazparneko familia baten istorioa kontatzen da antzezlanean, parodia eginez. XX. mendearen hasieran Amerikara dirua egitera joandako familia baten gora beherak kontatzen dira. «Hazparnera itzuli zirenean, lortutako aberastasuna erakustea zen familiaren helburu nagusia, eta handinahi horrek eragindako egoerak erakusten dira, besteak beste ».
Familia barneko gatazkek garrantzia hartzen dute testuinguru horretan. Familiako alaba, esaterako, markes batekin ezkondu nahi dute, alabak ere kategoria hori lor dezan. Alabak, ordea, beste gizon bat maite du. Markesaren papera da, hain zuzen, Elortzarena. «Antzezlan honetan garbi ikusi dut ez nintzela gizona izateko jaio», dio Elortzak.
Eszenografia berezia da. Izan ere, eszenan parte hartzen ez duten aktoreak ez dira ezkutuan egoten, taularen atzealdean baizik, sare baten barruan. «Originala da; ikusleek esan izan digute eszenografia horrekin abesbatza baten babes itxura ematen dugula».
Lapurteraz idatzirik dago Monzonen lana, eta hala antzezten dute. Elortzaren esanetan, ordea, hori ez da oztopoa antzezlana ulertzeko, eta segurarrak gaurko emanaldira joateko animatzen ditu. «Ikusi eta gozatu, horixe da antzezlan honek eskatzen duen bakarra».













