Bista Alaiko kasuan udal gobernuaren helburua «ez da inor zigortzea, gaia argitzea baizik»
Beasaingo Udaleko Gobernu Taldeak jakinarazi duenez, Bista Alaiko kasuan «ibilbide penala bertan behera uztea erabaki zuen udal gobernuak, helburua ez baita inor zigortzea, gaia argitu eta, hala badagokio, beasaindar guztion dirua berreskuratzea» delako prozesu honen xedea. Eta Beasaingo EAJk egin duen bezala, gobernu taldeak ere atzera bota du begirada, eta azaldu duenez, «udal gobernuak txosten juridiko bat eskatu zuen, non ardua penalen eta adiministratiboen zantzuak iradoki ziren».
Ardura penalak argitzeko, gaia fiskaltzaren esku uztea erabaki zuen orduan gobernu taldeak. Fiskalak ez zuen ardura penalik antzeman eta gaia artxibatzea erabaki zuen, eta gobernu taldeak ibilbide penala gelditzea erabaki zuen. Helegitearekin aurrera ez egiteko arrazoiak ere argitu ditu Beasaingo Udaleko Gobernu Taldeak eta azaldu duenez, «zailtasun handiak» topatu ditu prozedura garatu ahal izateko. «Zailtasun horiek Beasaingo Udalaren beraren antolaketatik eratortzen dira; udalaren bitarteko juridikoak eta giza-baliabideak ez dira nahikoak prozesura garatzeko».
«Epea ez da iraungi»
Prozesuari helegitea jartzeko epei dagokionean ere ez datoz bat bi alderdiak, gobernu taldearen arabera epea oraindik ez baita iraungi: «Prozedura ebazteko epeak gainditu dira, baina espedientea ez da iraungi edo kadukatu, erabaki hori alkateari baitagokio eta ez baitu halakorik oraingoz erabaki», azaldu du. Azalpen horri gehitu dionez, «udal gobernua ekimen berriak aztertzen ari da, Beasaingo Udalak legeak ematen dizkion eskumen eta zeregin guztiei duintasunez erantzun ahal diezaien, administrazioa geroz eta gardenagoa eta zorrotzagoa izan dadin, horrelako jokabide ilunak berriro gerta ez daitezen, eta gertatzekotan, behar bezala argituak eta zigortuak izan daitezen».
EAJk egindako adierazpenak ere kontuan izan ditu gobernu taldeak Bista Alaiko kasuaren inguruko oharrean, eta esan duenez «penagarria» iruditzen zaio jeltzaleek gaiaren inguruan egindako azken prentsa agerraldian «eman nahi izan duten irudi triunfalista». Hala, «prozedura arazoetan murgildu baino, beasaindar guztiei zor dizkien azalpenak ematea eta hainbat promotorerekin urte luzez izan dituzten hartu-eman ilunak argitzea hobe» luketela esan dute.
«Udal gobernu honek ez du bide horretan etsiko eta diru publikoaren kudeaketa gardena, zorrotza eta arduratsua bere ikur» egingo duela agindu du. «Patxi Plazaolak, Aitor Aldasororen laguntzarekin, txosten teknikoei muzin egin eta Beasaindar guztien 230.000 euro inguru promotore bati oparitu zikizola» esan du gobernu taldeak, «udal idazkariaren txotenak ohartarazten duen bezala».