«Pozgarria da ordu txikitan jende asko Korrikara batzen ikustea»
Atzo gau erdi inguruan iritsi zen Korrika Goierrira, euripean. Nolako harrera izan zuen?Harrera oso ona izan du Goierri osoan Korrikak. Jende asko atera da kalera, Kontuan izan behar da eguraldiak ez duela batere lagundu; Ordizia parean euria hasi zen,...
Harrera oso ona izan du Goierri osoan Korrikak. Jende asko atera da kalera, Kontuan izan behar da eguraldiak ez duela batere lagundu; Ordizia parean euria hasi zen, eta ia gelditu gabe aritu zen gau osoan.
Bageneukan beldur apur bat, jendea atzera botako zen horrelako eguraldi kaxkarra ikusita, edota kilometro batzuetan agian jenderik ez zela egongo pentsatzen genuen. Izan zitekeen Idiazabalen eta Ormaiztegin ez batzea Korrikara horrenbeste jende, baina sorpresa ederra izan da Korrikara jendetza biltzen ikustea. Une bereziak egon dira, adibidez, Olaberrian ume asko zeuden, eta horrek asko harritu eta poztu ninduen. Balorazioa oso positiboa da, dudarik gabe.
Zein une izan da zuretzat hunkigarriena?
Korrika guztia nahiko hunkigarria izan dela esango nuke. Hala ere, segurarra naiz ni, eta zalantzarik gabe, Segurara Korrika iristen ikustea berezia izan zen. Plaza inguruan zeuden Gazte Asanbladakoak zuziekin Korrikari ongi etorria egiteko prest, eta gogoz ikusten zen jendea, saltoka, oihuka…zirrara berezia eragin zidan momentu horrek.
Atzerapenarekin ibili zen Korrika, baina hala ere jendea animatu zen.
Bai, gutxi gorabehera 20 minutuko atzerapenarekin ibili zen. Normalean antolakuntzan ibiltzen garenok gomendatzen dugu 20 minutu lehenago bakoitza bere postuan egotea, beraz, denbora dezente egon zen jendea zain. Iruditzen zitzaidan horregatik beharbada jendea ez zela egongo zain, edo ez jende asko behintzat. Baina herriz herri jendea zain geneukan, gogoz eta saltoka, eta hori oso pozgarria izan zen. Ordu txikitan jende asko Korrikara nola batzen den ikustea pozgarria da.
Goierriko Korrikaren koordinatzaileetako bat zara. Zein izan da zuen lana?
Guri iritsitako informazioa herrietako batzordeetara zabaldu dugu, eta bakoitzari zereginak jarri. Azken batean, herrietako jendeak ateratzen du Korrika aurrera. Urtarrilean hasi ginen bilerak egiten herrietako batzordeekin, bi astez behin elkartu izan gara, eta azken bi-hiru asteak oso intentsuak izan dira.Uste dut jende gaztea batzordeetan parte hartzen hastea beharrezkoa dela. Orokorrean, gazteek ekitaldietan parte hartzen dute baina ez batzordeetan. Jende helduari lekukoa hartuko dion jende gaztea behar da.












