Presoen eskubideen alde ari direnen aurkako operazioa salatu dute
Euskal Preso Politikoen eskubideen defentsan lanean ari diren senideen, herritarren eta elkarteen kontra egindako polizia operazioa salatu dute hainbat goierritarrek. Herenegun iluntzean elkarretaratzea egin zuten Ordizian, eta LAB sindikatuak ere ohar...
Sindikatuaren ustez, «presoen kolektiboa babes gabe uzteko helburuarekin antolatutako operazio polizial, politiko eta mediatikoa izan da» aste honetakoa, eta operazioarekin «elkartasuna kriminalizatu» nahi dutela esan dute: «Presoen eskubideen aldeko borrokarekin konprometitzea gogor zigortzen dute, eta helburu horrekin Euskal Herrian eta gure mugetatik harago presoen eta senideen egoera ezagutarazi eta salatzeko lan publikoa egiten ari diren pertsonak eta senideak ere jo puntuan dituzte».
Espainiako Estatuak «Euskal Herriaren bake nahiak ito» nahi dituela salatu du LABek, Euskal Herriak «konponbideruntz egin duen pauso oro blokeatuz eta errepresioaren bidea zapuztuz». Hori horrela, aste honetakoa bezalako «eraso antidemokratiko hauek euskal demokrazia eraikitzeko konpromiso gehiago ekarri» behar dituztela uste du LABek. Horrela, antolatu diren ekintzetan parte hartzeko deia egin die langileei ere.
CAFen lanuztea egingo dute gaur, 11:00etatik 12:00etara.












