Liztor beltzaren gaindi, Erlezain Eguna ospatuko dute eztizaleek Zegaman
Gipuzkoako Ezti Lehiaketa jokatuko da, eta gozoak egiteko eta dastatzeko modua izango da. Liztor beltzaz eta erlezaintzako produktuez hitzaldiak egingo dituzte. Larunbatean, aizkolariakIzurrite hedatua da gaur egun liztor beltzarena (Vespa velutina) Go...
Gipuzkoako Ezti Lehiaketa jokatuko da, eta gozoak egiteko eta dastatzeko modua izango da. Liztor beltzaz eta erlezaintzako produktuez hitzaldiak egingo dituzte. Larunbatean, aizkolariak
Izurrite hedatua da gaur egun liztor beltzarena (Vespa velutina) Goierrin eta Gipuzkoa gehienean. Kalte handia eragin du erlauntzetan, erleak ehizatu eta akabatzen dituelako. Bertako espeziea eta erlezaintzaren oinarri ordezkaezina arriskuan jartzeraino. Burutu ezinik dabiltza erlezainak eraso horren aurrean. Bien bitartean, igandean tartetxo bat hartuko dute, Zegaman, urteroko Erlezain Eguna ospatzeko.Egun beteko egitaraua antolatu du Zegamako Udalak. Erlezaintza eta eztigintza izango dira ardatz. Liztor beltzaz azalpenak emango dituzte adituek, eta erlezaintzako artisau produktuen berri ere zabalduko dute.
Eztigintzari dagokionez, Gipuzkoako lehiaketa Zegaman egingo dute, 16. aldiz. Eskualdekako sariketetan sailkatutako 21 ezti probatuko ditu epaimahaiak. Udazkenean ekoitzitako eztiak dira. Aukerarik bada, hiru sailetan banatuko dituzte sariak: ezti ilunetan, argitan eta milalorearenean.
Txapeldunek txapela, garaikurra eta 150 euroko diru saria dute; bigarrenak garaikurra eta 100 euro, eta hirugarrenak garaikurra eta 50 euro. Herritarrek ere probatu ahalko dituzte ezti finalistak, eta gustukoena bozkatu. Garaikurra jasoko du iritzi herrikoiak onentzat jotzen duenak.
Jarduerak eta aizkolariak
Erlezainen festaren osagarri, azoka giroa izango da Zegamako kiroldegian. Artisau postuak jarriko dituzte, eta haurrek kandelak egiten ikasi ahalko dute.
Bezperan, larunbatean 19:00etan, kiroldegian, aizkolariak izango dira. Urrezko Aizkolarien banakako lehiaketa Zegaman hasiko da. Urrezko maila (elitekoak), 23 urtepekoak eta 19 urtepekoak bereiziko dituzte.
Zegaman honako aizkolariak ariko dira: Xabier Zaldua eta Xabier Aranberri Elorriaga zumarragarrak, Eneko Otaño beizamarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Aitor Urteaga idiazabaldarra, Dorraoko Iban Resano, Aresoko Asier Pellejero eta Angel Eraso gesalaztarra.












