Etxadi, hazteko eta hezteko bidelaguna
Urola Garaia Mankomunitateak familia arazoak prebenitzeko doaneko zerbitzua eskaintzen du orain hamar urte. Etxadi zerbitzuak 1.458 kontsulta jaso ditu urteotan, gehienak legazpiarrek egin dituzte.Hazkuntza prozesua osasun publikoaren baitako kontua de...
Urola Garaia Mankomunitateak familia arazoak prebenitzeko doaneko zerbitzua eskaintzen du orain hamar urte. Etxadi zerbitzuak 1.458 kontsulta jaso ditu urteotan, gehienak legazpiarrek egin dituzte.
Hazkuntza prozesua osasun publikoaren baitako kontua dela dio Enrique Arranz EHUko Psikologia katedradunak. Etxadi proiektuaren sortzaileetako bat da Fernando Olabarrieta EHUko Psikologia irakaslearekin batera. Badira hamar urte jada Etxadik doaneko zerbitzua eskaintzen diela Goierri garaiko familiei. Tarte horretan 1.458 kontsulta jaso dituzte. Orain, zerbitzua eskura dutela gogora ekarri nahi diete familiei.Familia arazoei aurrea hartu, eta agertu baino lehen antzemateko lanabesak ematen ditu Etxadik. Fernando Olabarrietaren hitzetan, «unibertsitateko ezagutzaren transferentzia egin, eta familiengana iritsi nahi dugu». Izan ere, hezkuntza eta hazkuntza arorako ez dago berezko giltzarik, ikasketa prozesua da gurasoentzat ere.
Ainhoa Manzano Etxadiko teknikaria da. Orain artean Goierri garaiko familiek egindako kontsulta gehienak haurtzaroari zein nerabezaroari lotutakoak izan dira. «Haurtzaroan beren seme-alaben portaeraren gaineko zalantzak sortzen zaizkie eta nerabezaroan giza harremanak, autoestimua eta kontsumoaren prebentzioa dira gai nagusiak».
Arazoak prebenitzea da Etxadiren helburua, «gure lana bestelako zerbitzuetara bideratzeko premia duten egoerak antzematea da».
Zerbitzua anonimoa eta doakoa da. Galderak, zalantzak edo egonezinak idatziz bidali daitezke etxadi.org webgunearen bitartez eta adituen erantzuna jasoko dute familiek. Orain, eskolen bitartez zerbitzua zabaltzeko asmoa dute, oraindik nahikoa ezezaguna baita.












