Presoen senideak ez dira Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera joango
Guztira 127 senide deitu dituzte deklaratzera Intxaurrondora eta Salvera. Goierriko senideek ere jaso dute deklaratzera joateko deia. Eragile sozial eta politikoei aurka agertzeko eskatu dieteAurreko asteetan Gipuzkoako eta Bizkaiko 127 senidek Guardia...
Guztira 127 senide deitu dituzte deklaratzera Intxaurrondora eta Salvera. Goierriko senideek ere jaso dute deklaratzera joateko deia. Eragile sozial eta politikoei aurka agertzeko eskatu diete
Aurreko asteetan Gipuzkoako eta Bizkaiko 127 senidek Guardia Zibilaren deia jaso zuten, Intxaurrondotik (Donostia) eta Salvetik (Bilbo), apirilaren 20tik 29ra bitartean kuartelera lekuko bezala deklaratzera joan beharko zutela esanez. Senide batzuen kasuan, kalez jantzitako guardia zibilak etxera ere joan zitzaizkien, zenbaitetan ez-orduetan, deklaratzeko hitzorduaren berri ematera.Zergatik eta zertara joan behar zuten galdetuta, «kapitalen zuritze» delitu batekin lotutako auzi baten kontuagatik deklaratu behar zutela soilik adierazi zieten.
Etxeratek esan duenez, «kuarteletako hitzordu hauek ez dakigu zein sumariotan sartuak dituzten». Abokatuen ustez, urtarrilaren 12an abokatuen aurkako defentsa juridikoaren aurkako Mate operazioarekin lotu dituzte senideen deklarazioak.
Idatziak Guardia Zibilari
Egoera horren aurrean, senideek jarrera tinkoa hartu dute eta deklaratzera deitutako senideek banan-banan idatzi bat bidali dute, lekuko bezala deklaratzera ez direla joango esanez.
«Senideok zerbait badugu, hori duintasuna da. Ez gara deklaratzera joango legalki ez gaudelako behartuta», adierazi zuten atzo senideek Donostian egindako agerraldian. «Agindu polizialaren beharrean agindu judiziala jasoko bagenu prest egongo ginateke joateko, baina espero dugu epaileak ez deitzea», gaineratu dute.
Babes handiagoa
Senideen aurkako azken eraso horren aurrean, presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak «babes handiagoa» eskatu diete euskal herritarrei eta eragile politiko nahiz sozialei. «Klase politiko, sozial eta sindikal guztiari exijitzen diogu nahikoa dela esateko», esan zuten atzoko Koldo Mitxelenako agerraldian. «Nahikoa da! Falta zitzaiguna, senideok kuarteletara deklaratzera joatea», adierazi zuten atzo prentsa agerraldian.












